ikusteke eta ikusteko ez dira sinonimo

Aditzari -t(z)eke gehitzen diogunean, gabetasuna adierazi nahi dugu euskaraz.
Halaxe erabiltzen da mendebaldeko euskara batzuetan.
Hona adibide batzuk:
- Kaixo, Miren! Zenbat denbora ikusteke!
(“Zenbat denbora ikusi gabe/barik”)
- Kontuz, ume! Hortik erortzeke!
(“Hortik erori gabe/barik”)
- Gaur gosaltzeke etorri naiz lanera
(“Gaur gosaldu gabe/barik”)
Aspalditxo honetan, ordea, beste erabilera bat ikusten hasi gara bazterretan. Honako hau:
- Bihar bilera egingo dute langileek eta patronalak, eta ikusteke dago zer erabakitzen duten
Okerra da esaldi hori; izan ere, ikusteke eta ikusteko ez dira sinonimo.
-t(z)eke moldeak gabetasuna adierazten du soil-soilik. -t(z)eko moldeak, berriz, gabetasunaz gain zerbait egitea aurreikusten dela edo egiteko asmoa dagoela adierazten du.
- Kontzertua non egingo den erabakitzeko dago
Esaldi hori zuzena da, eta baita beste hau ere:
- Kontzertua non egingo den erabakitzeke dago
Baina ez dute gauza bera esan nahi.
Lehenean ulertzen da aurrerago erabakiko dutela kontzertua non egingo duten, eta, bigarrenean, erabaki gabe dagoela, besterik gabe.
Hemen argibide gehiago: Jagonet