Elhuyar Hiztegia

Adi kalko okerrekin!

Hizkuntzen arteko harremanak eragiten ditu kalkoak, eta, beraz, hizkuntza guztiek baliatzen dituzte. Kalkoei buruzko informazio osatua nahi baduzue, jo ezazue EIMAren estilo-libururako Juan Garziak idatzitako Kalko okerrak liburura. Hartan jasotako definizioaren arabera, «hizkuntza batek beste baten eredutik berera egokitzen duen egiturari esaten zaio kalko».

Badira, ordea, kalkoen artean batzuk okerrak. Hona Garziaren hitzak:

«Kalko batzuk okerrak dira. Alegia, premiarik gabe jotzen dugu batzuetan erdararen imitaziora, abantaila baino kalte handiagoz. Abantailarik eza, hain zuzen, premiarik ezaren ondorio garbia da. Kaltea, berriz, euskararen sistemari egiten zaiona da, erdararenaz nahasten baita, autonomia eta baliagarritasuna galtzeko bidean jarriz.» 

Kalko lexikoak ditugu ezagunenak (esate baterako, «ilea hartu»), baina, lexikotik harago, sintaxian ere gertatzen dira kalkoak, eta horiek, hain antzeman-errazak ez badira ere, eragin larriagoa izaten dute gehienetan, behin eta berriz errepikatzen baitira esaldietan. 
Garziak berak aipatzen duen adibide ezagun bat jartzearren:

*Ezagutzen ditut mutil batzuk bizi direla baserri batean

Alegia, gaztelaniazko que erlatibozkoa euskarazko perpaus osagarrien –(e)la atzizkiaren bidez ematea. Adibide bat baino ez da hori, noski.

Kontuan izanik gero eta gehiago erabiltzen dugula itzulpen automatikoa testu pragmatikoak itzultzeko, lehen baino are erneago ibili behar dugu horrelako arazoak saihesteko, itzulpen automatikoak kalko okerretarako joera baitu. Hona, adibidez, berriki topatutako egitura bat gaztelaniatik euskarara itzulitako testu batean:

Jatorrizkoa:

Significado del nombre
El significado del nombre estaría relacionado con la figura mitológica de las ninfas de agua.

Euskarazko itzulpena:

Izenaren jatorria
Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egongo litzateke.

Testuinguru pixka bat: Euskal izen batzuen (ustezko) jatorriari buruzko gaztelaniazko testu batetik hartua da adibidea. Jatorrizko esaldia idatzi duenak baldintza erabili du gaztelaniaz, esaten ari denari buruzko zalantza-zantzu bat uzteko; alegia, izenaren jatorriari buruz dioena ez dadin literalki ulertu, ez baitago hori inon frogatzerik. Ez du esaten El significado del nombre está relacionado, baizik eta estaría relacionado. Badaezpada.

Euskarazko itzulpenak gaztelaniazko egituraren itzulpen literala egin du:

Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egongo litzateke.

Zer forma baliatzen ditugu, baina, euskaraz, zalantza hori adierazteko? Forma bat baino gehiago ditugu horretarako; esate baterako:

  • Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egon omen daiteke.
  • Badirudi izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta dagoela/egon daitekeela.
  • ...

Ez gara gu noski, kalko-ehiza itxuragabean aritu zale. Baina itzulpen automatikoa oso tresna ahaltsua da, eta era guztietako kalkoak —egokiak eta okerrak, edo gordin samarrak behintzat— erreproduzitzeko indar handiko makina. Testugileari, beraz, komeni zaio erne egotea eta premiarik gabeko kalkoetara ez jotzea.

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa