Elhuyar Hiztegia

Badator Zinemaldia!

Ostiralean hasiko da Zinemaldia eta zinema-izarrez beteko da Donostia. Egun hauetan zinema eta filmak hizpide izango direnez, horri buruz idatzi eta aritzeko lagungarri izan daitezkeen hitz batzuen erabilera gogorarazi nahi dugu:

film (*filme)

Godarden film batekin hasiko da Zabaltegi-Tabakalera saila. (Berria)

film luze, film labur (*luzemetraia, *laburmetraia)

Zuzendari frantsesaren hilondoko film laburra ez ezik, hamabost film luze, beste zazpi labur eta bi ertain emango dituzte. (Berria)

egile-zinema, autore-zinema (*autorezko zinema)

(…), azken bost hamarkadetako egile-zinema handira lotutako ibilbide profesionala egin duen pertsonaia baten bidez. (Tabakalera)

aurrestreinaldi (*aurre-estreinaldi, *estreinaldiaurre, *aurreestreinaldi)

(…), hilaren 25eko EITB Galan ‘Itsatsita’ film musikalaren aurrestreinaldia egingo da; eta Belodromoan, ‘Go!azen 11’ denboraldi berriaren aurrestreinaldi handia. (72. Donostia Zinemaldia)

rol (adiera honetarako paper hitza saihestea gomendatzen da)

Rol honengatik, Vickyk emakumezko aktore protagonista onenaren Gaudí saria jaso zuen. (71. Donostia Zinemaldia)

filmatze, filmaketa (zinemaren testuinguruan errodaje ez erabiltzea gomendatzen da)

(…), zuzendari eta aktoreek ikusleei filmatzeen sekretuak kontatuko dizkiete, (…) (Dabilena)

Ekainaren 10ean bukatu da “Le Sanctuaire”ren filmaketa Luhuson. (Argia)

kamera (*kamara)

(…) egunerokoan gailu askorekin lan egitea egokitu zaio Xabierri, kamera aurrean batzuetan, kamera atzean bestetan. (Tokikom)

ikus-entzunezko (*ikusentzunezko)

Nabarmentzekoa da Tabakalerak ikus-entzunezko lanen alde egindako apustua (...) (72. Donostia Zinemaldia)

Eta, badakizue, gozatu zinemaz pantaila handian!
 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa