Elhuyar Hiztegia

bera ≠ berdin

 

 

Hiztun askok nahastu egiten ditu bera eta berdin; antzekoak badirudite ere, oso desberdinak dira. Gaurkoan, ezberdintzen ikasiko dugu.

Berdin izenlagunak antz handia duten bi pertsona edo objektu daudela adierazten du, hau da, hiztunak elementu bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia:

-  Manexek eta Danelek jertse berdina daramate.

 à Antz handia duten bi jertse dira, eta bakoitzak berea darama.

- Norak eta Elenek auto berdina erosi dute.

 à Auto-marka bereko bi auto dira, eta bakoitzak berea erosi du.

- Zati berdinetan banatu zuen tarta.

 à Antzeko tamaina duten zenbait zatitan banatu dute tarta.

Aldiz, ber(a) determinatzaileak gauza bakar bati egiten dio erreferentzia: 

- Atzo Manexek eraman zuen jertse berarekin joango da Danel bihar.

à Jertsea bakarra da, eta jertse horixe da atzo Manexek jantzi zuena eta bihar Danelek jantziko duena.

- Nora eta Elene auto berean joan dira unibertsitatera.

à Auto bat besterik ez dago.

- Tartako zati bera aukeratu dute Anek eta Julenek.

à Tartako zati horixe aukeratu dute biek.

Adibide honekin argiago ikusten da erreferenteen arteko aldea:

à Atzo portuan ikusi genuen bizikleta bera da hori.

(Bizikleta bakar bat dago. Atzo ikusitakoa eta gaur ikusitakoa bizikleta bera da).

à Mikelen bizikleta eta Milarena berdinak dira

(Bi bizikleta daude, Mikelana bata eta Milarena bestea. Eta biak berdinak dira)

Horrenbestez, desegokiak dira honelakoak:

               *Irakasle berdina etorri zen atzo eta lehengo astean.

*Herriko eliza eta udaletxea eraikin berdinean daude.

*Urte berdinean jaio ginen.

Izen abstraktuekin, ordea, lausotu egiten da aldea. Kasu horietan bi aukerak onargarriak dira, nahiz eta irtenbide ohikoena bera izan.

atzoko tenperatura bera / atzoko tenperatura berdina

iritzi bera / iritzi berdina

ideia bera / ideia berdina

Bera eta berdini buruz gehiago jakiteko, jo Euskara Batuaren Eskuliburura.

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa