«Gero eta liburu hobeak»; «liburu gero eta hobeak»

Euskararen Gramatikak honela dio, gero eta egituraz ari dela, 14.10.5.3e atalean:
«Adjektiboa izen sintagma batean ageri bada, gero eta… esapidea izenaren ezkerretara joan daiteke, baina baita izenaren eta adjektiboaren artean ere: Gero eta auto garestiagoak erosten ditu Beñatek edo Auto gero eta garestiagoak erosten ditu Beñatek».
Aukera bikoitz hori adjektiboekin daukagu, eta izenak ezkerretik izenlagun edo erlatiboren bat daramanean ikusten dugu, batez ere, gero eta izenaren eta adjektiboaren artean sartua (baina ez halakoetan bakarrik):
- Truke-tasen erreakzio gehiegizkoaren eta burbuila espekulatiboen fenomenoak, hortaz, finantzen alorraren eta ekonomia errealaren artean dagoen distantzia gero eta handiagoaren bidez ager daitezke. (Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro, EHU, 2004)
- Horrela bada, azken boladan eta merkataritza-laguntasun arrazoi hutsengatik, kalte nabarmena pairatu izan du gure enpresak zure merkatu alor horretan, bezero inportatzaileen eskakizun gero eta handiagoen zioz. (Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua, Germano Almeida / Bego Montorio, Txalaparta, 2003)
- Horretarako bideo aparailua erosi genuen eta arlo guztietako zintak irensten hasi ginen bata bestearen atzetik, gehiago ikasi eta, profesional onen gisa, zerbitzu gero eta hobea eskaini nahian. (Ostiralak, Jon Arretxe, Elkar, 2000)
Kontuz, baina: gero eta kokatzeko aukera-bitasun hori ezin da hedatu gero eta … gehiago/gutxiago zenbatasunezko egiturara. Egitura horretan, «gero eta (IZENA) gehiago» dugu hurrenkera egokia, eta ez «*(IZENA) gero eta gehiago»:
✅ gero eta liburu gehiago
❌ liburu gero eta gehiago