Elhuyar Hiztegia

Hitz arrotzak: hizkuntza bakoitzak bere arauak

Testuak idaztean, kontuan hartu behar dira gure idazkiaren hizkuntzaren arauak, bistan da. Baina testuak itzultzen ari garenean, jatorrizko hizkuntzaren arauak ere hartu behar dira kontuan, helburuko testuan behar ez denean aplika ez ditzagun.

Adibidez, hitz arrotzak letra etzanez idazten dira bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, baina hizkuntza batean arrotz diren hitzak ez dute hala izan beharrik bestean. Ondorioz, hizkuntza batean letra etzanez idatzi behar diren hitz batzuk ez dira hala idatzi behar bestean.

Demagun gaztelaniatik euskarara itzultzen ari garela, eta jatorrizko testuan hitz hauetakoren bat ageri dela, letra etzanez: “software”, “hardware”, “byte”, “ranking”, “stand”, “streaming”, “smartphone”.

RAEren hiztegian begiratuta, ikusiko dugu hiztegian ez daudela ez “streaming” eta ez “smartphone”, eta, beraz, hitz arrotzak direla, letra etzanez idatzi beharrekoak. “Software”, “hardware”, “byte”, “ranking” eta “stand” hitzak, berriz, badaude RAEren hiztegian, baina letra etzanez, eta, beraz, horiek ere letra etzanez idaztekoak dira.

Hitz horiek berak euskarazko testu batean jarri behar ditugunean, ordea, ez dira letra etzanez idatzi behar. Euskaltzaindiaren Hiztegian letra-tipo arruntez jasoak daude denak ala denak. Alegia, euskaraz idaztean euskarari dagozkion arauak hartu behar ditugu kontuan, jatorrizko testuko formatuak itsu-itsuan kopiatu gabe.

Horregatik, gaztelaniaz honela idatziko genuke:

En el stand de la feria presentarán el nuevo smartphone, que lleva un software mejorado. Se espera que suba al número uno del ranking de ventas antes de final de mes.

Eta euskaraz, berriz:

Azokako standean, smartphone berria aurkeztuko dute, software hobetuz hornitua. Hilabetearen bukaera baino lehen salmenten rankingeko lehen postuan egotea espero da.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa