Elhuyar Hiztegia

«Kopuru» eta «kantitate» ez dira baliokideak

 

Hein batean esanahi bera dute (cantidad, quantité), eta ematen du berdin erabil daitezkeela bata zein bestea; alegia, ondo esanda daudela «euri-kopurua» eta «euri-kantitatea».

Baina ezin dira berdin erabili, kopuru izen diskretuekin erabili ohi delako, eta kantitate izen jarraitu edo zenbakaitzekin.

Kopuru izen diskretuekin erabiltzen da, batez ere. Hala dio tradizioak. Hona hemen izen diskretuen adibide batzuk: haur, gradu, minutu, tanta, litro...

Kantitate, ostera, izen jarraitu eta zenbakaitzekin erabili ohi da. 

Zein dira, baina, izen jarraitu eta zenbakaitzak? 

Hona zenbait adibide: energia, bero, erregai, denbora, ur, aire, euri... Horiekin kantitate erabiltzen da.

Garbi ikusten ez baduzu, saiatu zenbatzen, euri bat, bi euri, hiru euri... Euria neurtu, bai, neur daiteke (asko, gutxi, litroka...), baina zenbatu ez, ezin da zenbatu.

Horregatik, kopuru eta kantitate ez dira baliokideak.

Nola ez, badira salbuespenak: diru eta jenderekin kopuru erabiltzen da eskuarki, zenbakaitz eta jarraituak diren arren. Hori ere tradizioak dio.
 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa