
Kuantifikazioa adierazteko modu asko daude, eta zalantza sor dezaketenetako bat aipatu nahi genuke hemen: hau guztia eta haren kidekoak.
Maiz ikusten ditugu honelakoak:
Eduki *guzti hau doan ikus dezakezu.
Guk sufritutako oinaze *guzti hura ezin daiteke beste inon errepikatu.
Informazio *guzti hori biltzen ari gara eta dena txosten batean jasoko dugu.
Erabilera hori hegoaldean zabaldu da batez ere. Alabaina, Euskaltzaindiaren 4. arauaren arabera, hobe da erakuslea zenbatzailearen aurretik jartzea. Beraz, aurreko esaldi horiek honela adierazi behar genituzke:
Eduki hau guztia doan ikus dezakezu.
Guk sufritutako oinaze hura guztia ezin daiteke beste inon errepikatu.
Informazio hori guztia biltzen ari gara eta dena txosten batean jasoko dugu.
Gainera, kontuan hartu behar da esapide horretako bi elementuak deklinatu behar direla, bai erakuslea (hau, hori, hura), baita zenbatzailea ere (guzti):
Zer gertatu da material horrekin guztiarekin?
Zailtasun horiekin guztiekin, zer-nolako etxeetan amaitzen dute gazteek?
Urte hauetan guztietan, helburuak finkatu eta horiek lortzeko lanean aritu gara.