 gaitezen.png)
Izenburuko parentesiaren zergatia azaltzea eta gure aukera zein den adieraztea da aholku labur honen xedea.
Aginterazko aditzez osatutako bi perpaustxo dira izenburukoak. Lehenean, “sar gaitezen” esatean, sartu aditzaren aditzoina erabili dugu, sar; bigarren perpaustxoan, berriz, ez dugu adierazi nahi “hurbil(du) gaitezen” idatz daitekeenik, jakina, baizik eta kasu horretan aditzoinerako bi aukera ditugula, hurbil eta hurbildu. Hiztegi-sarreretan, aditzen kasuan, elkarren ondoan ematen diren hiru formetatik bigarrena da aditzoina, eta aipatzen ari garen bi aditzak honela azaltzen dira: sartu, sar, sartzen; hurbildu, hurbil(du), hurbiltzen.
Bi kontu ditugu aintzat hartzekoak gai honetan, beraz: aditzoina noiz erabili, eta zer aditzek dituzten bi aditzoin. Bietan, Euskara Batuaren Eskuliburuaren azalpenari jarraitu diezaiokegu (aditzoina sarrera):
«1. Ahaleran, aginteran eta subjuntiboan, zein erabili behar da: aditzoina ala partizipioa (etor/etorri)? Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, biak dira zuzenak, baina euskara batuan, bateko eta besteko tradizioa kontuan izanik, aditzoinaren (etor zaitez, ekar ezazu) aldeko joera da nagusi. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (379. or.) liburuan, berariaz dago esana: “Euskaltzaindiaren gomendioa aditzoina erabiltzea da”. Esan beharrekoa da, hala ere, Hegoaldeko idazle, argitaletxe eta komunikabide batzuek partizipioa erabiltzen dutela sistematikoki.» Elhuyarren, aditzoina erabiltzen dugu beti ahalerazko, aginterazko eta subjuntibozko aditzekin.
«2. Aditz eratorrietan (gazte/gaztetu, elkar/elkartu, zehatz/zehaztu), aditzoinak bi forma dituenean (-tuduna eta -tu gabea), zeinen alde egin behar da? Horretan ere Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, eta ez du ez hobespen ez lehenespenik eman. Nolanahi ere, euskara estandarrean, -tu/-du forma osoa idaztearen aldeko joera ari da nagusitzen Hegoaldean: gizenDU dadin, lodiTU daiteke, gauzaTU dezagun, etab.» Aditz eratorriak esatean, esaten ari gara oinarrian izen bat (gauza, gizon, ur…), adjektibo bat (gazte, zehatz, gizen, lodi, gorri, bero…) edo adberbio bat (hurbil, urrun, eskura…) dutela. Elhuyarren, halakoetan, forma osoa idazten dugu, eta horregatik idatzi dugu testu honetan, hirugarren paragrafoan, “jarraitu diezaiokegu” eta ez “jarrai diezaiokegu”: badugulako jarrai adberbioa (adjektiboa ez, adjektiboaren forma jarraitu baita, baina bai adberbioa; ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia).
Bi aditzoin-forma daudenean, halaxe adierazten dute hiztegiek (Euskaltzaindiaren Hiztegia da arauzko erreferentzia). Zalantza izanez gero, beraz, hiztegira jo behar da sistematikoki jokatu nahi bada.