Elhuyar Hiztegia

Eguberri on!

Dagoeneko ikus ditzakegu koloretako argiak kaleetan, turroiak supermerkatuetan eta jostailuen iragarkiak telebistan. Gabonak badatozen seinale. Baina Gabonak ala gabonak dira datozenak? Xanpaina ala txanpaina edango dugu? Santo Tomas egunean ala San Tomas egunean jango dugu taloa? Edo jango duguna txistorra-pintxoa ala txistor-pintxoa izango da? Gaurkoan, egun berezi hauetan erabiltzen ditugun hainbat hitzen erabilera egokia zein den argituko dugu.

Ospakizunak eta jaiegunak letra larriz hasita idazten dira, baita hitz-elkarketan ere, baldin eta egun eta gau hitzekin batera erabiltzen badira; azken horietan, gainera, ez da marratxorik jartzen, aposizioak direlako:

  • Eguberri(ak): Gaur Eguberri da. Benetan ditut gustuko Eguberriak.
  • Gabon(ak): Gaurko gaua Gabon da. Familiarekin igarotzen ditugu Gabonak.
  • Gabon gau: Familia guztia etxean elkarturik igarotzen dugu Gabon gaua.
  • Eguberri egun: Senideek Eguberri egunean trukatu zituzten opariak.
  • Errege egun: Errege Magoen bisita izan genuen Errege egun bezperan.
  • Urtezahar gau: Non ospatu behar duzu Urtezahar gaua?

Aldiz, gabon-subil, eguberri-kanta eta errege-opil bezalakoetan letra xehez hasita idazten dira. Kasu horiek izen arruntak dira, ez dute ospakizunik adierazten, baizik eta ‘subil-mota’ bat, ‘kanta-mota’ bat edota ‘opil-mota’ bat.

Egun-tarte jakin bat adierazteko, baita harekin erlazionatutako ospakizunak adierazteko ere, jaiaren izena letra xehez idazten da, eta pluralean deklinatu:

  • santomasak: Azpeitira joaten ginen santomasetan.

Eguberriak eta gabonak terminoak kasu bereziak dira: jaiegunaz gain aldia ere adierazten dutenean, ontzat ematen da letra larriz zein xehez hasita idaztea:

Eguberriak/eguberriak amaitzean hasten dira merkealdiak.

Lantokian saski bat zozketatu zuten Gabonetan/gabonetan.

Hurrengo lerroetan, egun hauetan erabili ohi ditugun beste hitz eta esapide batzuk bildu ditugu:

  • Bizarzuri (*Pere Noel, *Papa Noel): Bizarzurik jaso ditu haurren gutunak.
  • cava (*kaba): Eguberrietan cava edaten dugu.
  • Errege Magoak: Errege Magoek zer ekarriko dizute?
  • Errege eguneko loteria, Erregeetako loteria (*Haurraren loteria, *Umearen loteria, *Niñoko loteria):  Errege eguneko loteriaren bigarren saria
  • errege-erroska, errege-opil, errege-uztai (*errosko, *roskoi): Errege-opil goxo bat prestatu nahi duzu?
  • gabonsari (aginaldo*): Eguberri haietan gabonsari ederra eman nien bulegoko langileei.
  • kotilioi (kotiloi*, kotilloi*): Urtezaharreko kotilioia
  • Mari Domingi (*Maridomingi): Baserritik atera berritan iritsiko dira Mari Domingi eta Olentzero Donostiako kaleetara.
  • San Tomas egun (*Santo Tomas egun). Santoren ordez San erabiltzea da zuzena: Urtero gisa, jende-andana bildu da Donostian, San Tomas eguneko azokan.
  • txistor (*txistorra). Ez du '-a' itsatsirik: txistor-pintxoa, txistor-ogitartekoa
  • xanpain (*txanpain): xanpain-botila

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda