Azken urteotan asko zabaldu dira *darrai, *darraite… formak, eta NOR-NORK motako aditz gisa erabiltzen dira.
Haurrak negarrez *darrai, baina engoitik nehor ez da haren lasaitzera entseatzen.
Gauean heldu da eta hor *darrai.
Manikiek bai, hantxe *darraite, baina ez ditu inongo arropak janzten.
Aurrera *darraigu hegan.
Nolanahi ere, hona zer dioen Euskara Batuaren Eskuliburuak “darrai” sarreran:
Ustez jarraitu aditzaren forma trinkoak direlakoan zabaldu dira halakoak, baina berri samarrak dira. Pentsatzekoa da jarraiki aditzaren forma hauen analogiaz sortuak direla: darraio, darraie, darraigu, narraio, darraizkie…
Dena den, jarraiki aditza NOR-NORI motakoa da; beraz, hauek lirateke forma eta erabilera zuzenak, tradizioari estu lotzen bagatzaizkio behintzat:
Emakumea batere kasurik egin gabe, eta doinua lagun, bere lanari darraio.
Haatik, usteari ustegabea darraio noizbait, eta gaur-gerokoa nork daki...
Uxatzen saiatu garen arren, zakurra atzetik darraigu hortzak erakutsiz.
Gaztetako burutazioei darraie gure aitona.
Nekeak neke, bideari narraio helmugaraino.
Ikasle gaixoak txintxo darraizkie irakaslearen esanei.