Elhuyar Hiztegia

Gel hidroalkoholikoak eta hidroalkoholiko ez direnak

Bizitzen eta nozitzen ari garen pandemia-giro honetan, badira izar bihurtu diren produktu batzuk: maskara dugu ezagunena, zalantzarik gabe, baina bada beste bat, hura bezain etxeko bihurtu zaiguna: hidrogela edo gel hidroalkoholikoa, eskuak garbitzeko erabiltzen duguna ura eta xaboia eskura ez baditugu.

Produkturen bat (higienekoa, kosmetikakoa, sendagaia...) alkoholarekin nahastuta dagoenean, hidroalkoholiko adjektiboa erabiltzen da produktu hori kalifikatzeko. Hala, gel hidroalkoholikoa bere konposizioan alkohola duen gela da. Birizida izango bada, hau da, birusak hilko baditu, alkoholaren proportzioak % 60 edo handiagoa izan behar du.

Gelak alkoholik ez badu, ez da hidroalkoholikoa. Gel guztiak, beraz, ez dira hidroalkoholikoak. Alkohola dutenak gel hidroalkoholikoak badira, nola izendatzen ditugu alkoholik ez dutenak, hidroalkoholikoak ez direnak?

Erraza da: gel ezhidroalkoholikoak.

Izan ere, ez partikula adjektiboei ezkerretik lotzen zaie marratxo baten bidez.

Bai hizkuntza arruntean: misio ez‑laburrak, afari ez‑txarra, esku ez‑garbiak, gorputz ez‑liraina...

Bai hizkuntza teknikoan: distortsio ez-lineala, altzairu ez-magnetikoa, aminoazido ez‑esentziala, anplifikadore ez‑inbertsorea, antiinflamatorio ez‑esteroidea, bakterio ez‑patogenoa, tratamendu ez‑automatizatua, elikagai ez‑galkorra, energia ez‑mekanikoa, erradiazio ez‑ionizatzailea, esmalte ez‑toxikoa, eztul ez‑emankorra, hezkuntza ez‑arautua, hizkuntzaren erabilera ez‑sexista, karbono ez‑organikoa, eragiketa ez‑finantzarioa, publizitate ez‑zilegia, zirkulazio ez‑jarraitua...

Badira, dena dela, tradizioz loturik idazten diren gutxi batzuk, oso ezagunak. Hauek dira salbuespenak: ezatsegin, ezaxola, ezberdin, ezegoki, ezegonkor, ezeroso, ezezagun, ezgai, ezilkor, ezohiko, ezikasi, ezjakin. Haietako batzuek badute sinonimoa (ezaxola = axolagabe, ezberdin = desberdin, ezegoki = desegoki, ezeroso = deseroso, ezezagun = ezagungabe, ezjakin = jakingabe).

Adjektiboa aditz-partizipio bat bada, badugu euskaraz, bestalde, beste bide bat ideia bera adierazteko: adjektiboari ezkerretik ez partikula marratxoz lotu beharrean, eskuinetik gabe hitza zuzenean lotzea. Adibidez, kimikan, disoluzio aseak eta disoluzio asegabeak erabiltzen da, eta disoluzio ez-aseak ia ez da erabiltzen, ezinezkoa ez bada ere. Beste hauek ere oso erabiliak dira:

bukatugabea, burutugabea, heldugabea, jokatugabea, landugabea, ohitugabea, ondugabea, osatugabea, ukigabea, zehaztugabea.

Gutxi batzuetan, dena dela, biak erabiltzen dira esanahi berarekin, erabileran ez baita bat finkatu edo erabat nagusitu: jokatugabea / ez‑jokatua, zehaztugabea / ez‑zehaztua, burutugabea / ez‑burutua.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda