Elhuyar Hiztegia

Hauteskundeen inguruko lexikoa

Laster hauteskundeak izango dira, eta dagoeneko ari zaizkigu horren inguruko berriak leku guztietatik iristen. Gaurkoan, hauteskundeetan erabiltzen ditugun zenbait hitzen erabilera egokia zein den argituko dugu.

  • boto (*botu):

    Boto zuria eta boto baliogabeak igo egin dira hauteskunde hauetan.
     
  • boz terminoak bi adiera ditu:
  1.  ‘boto’ adierazten duena:

    Boz-emaileen % 80 baino gehiago joan da bozkatzera.
    Boza emateko eskubidea.
     
  2. ‘bozketa’, ‘botazio’, ‘bozka’ edo ‘hauteskunde’ adierazten duena. Beti pluralean erabiltzen da:

    Abstentzioak gora egin du Hego Euskal Herriko bozetan.
  • bozka: ‘bozketa’ adierazten du, baina, ‘boto’ hitzaren adiera berarekin erabiltzen da zenbaitetan. Horregatik, honelako esaldi okerrak ikusten dira: 

    EH Bilduk inoiz baino *bozka gehiago lortu ditu. è e. boto gehiago
    Nahiz eta eskuin-muturraren kontrako *bozka nagusitu den, Le Penen alderdiaren gorakada nabarmena da Ipar Euskal Herrian. è e. kontrako botoa
     
  • bozkatu aditza NOR-NORK formakoa da, baina, ez du NOR osagarririk hartzen. Beraz, *Herriaren ia erdiak PP bozkatu du gisako esaldiak ez dira zuzenak. Horrelakoetan, -(r)en alde edota -(r)en kontra  gehitzea eskatzen dute:

    Herriaren ia erdiak PPren alde bozkatu du.
     
  • boto-asmo (*boto-intentzio): 

    Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako astebete falta denean, EH Bildu litzateke lehen indarra EAEn (boto-asmo zuzenaren % 20,9), EAJri aurrea hartuta (% 18).
     
  • boto zuri (*boto txuri):

    51 boto zuri eta 31 baliogabe zenbatu dira.
     
  • boto-paper (*papeleta):

    Arrasateko zenbait etxebizitzatara ez dira iritsi koalizio subiranistaren zenbait boto-paper.
     
  • bozkaleku, hautesleku  (*kolegio elektoral, *hauteskunde-kolegio): 

    Gure ustez, hauteslekuan egindako inkestak dira sinesgarrienak.
     
  • hautagai-zerrendan egon, hautagai-zerrenda osatu; aurkeztu (*hautagai-zerrendan joan):

    Ez da berriro aurkeztuko hauteskundeetan. 
    Ez da berriro egongo hauteskunde-zerrendan.
    *Duela lau urteko hauteskundeetan PSE-EEren hautagai-zerrendan joan zen.
     
  • hautesleria, hautesleak (*hauteslego): 

    Ohikoena izaten da hautesleriaren % 3-5ek bozkatzea posta bidez.
     
  • hautetsontzi (*hautestontzi, *hautesontzi): 

    20:00etan puntuan itxi dituzte hautetsontziak Galizian.
     
  • jarduneko (*funtzioetako): 

    Ekitaldian egon dira Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburu gehienak.
     
  • kanpainaurre (*aurrekanpaina): 

    Kanpaina hasteko 10 egun falta direnean, alderdiak kanpainaurrean murgilduta daude.
     
  • mitin (*meeting): 

    Bost lagun zauritu dira Baionan, FNren mitin baten osteko istiluetan.
     
  • parte-hartze handia/txikia (*parte-hartze altua/baxua): 

    9:00etan irekiko dira hauteslekuak, eta parte-hartze handia espero da.
     
  • zerrendaburu (*zerrenda-buru):

    Pernando Barrena Europako hauteskundeetako zerrendaburu izatea proposatuko die oinarriei EH Bilduk.
#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda