Elhuyar Hiztegia

San Sebastian eguna da urtarrilaren 20a

Jaieguna dute urtarrilaren 20a Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan, hala nola Donostian, Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan, baina zer jaiegun?

Nahastea sortzen da askotan jaiegun horren izendapenarekin: San Sebastian eguna, Donostia eguna… Seguruenik, Gipuzkoako hiriburuaren izena dela-eta sortuko da nahaste hori; alegia, leku-izena gaztelaniaz San Sebastián eta euskaraz Donostia delako.

Euskaraz, Sebastian da santu horren izena, eta, beraz, San Sebastian eguna da urtarrilaren 20a, ez *Donostia eguna.

Era berean, santu horren omenez jotzen den martxa ezagunaren izena San Sebastian martxa da, ez *Donostia martxa edo *Donostiako martxa.

Izan ere, martxa horren letrak berak ondo argitzen du bereizketa:

Sebastian bat bada zeruan,
Donostia bat bakarra munduan,
hura da santua,
eta hau da herria

(…)

Gogoan hartu, bestalde, Azpeitia leku-izenaren -a hori artikulua dela, eta, beraz, Azpeitiko danborrada dela esamolde egokia, ez *Azpeitiako danborrada.

Ohar horiek kontuan hartuta, hauek dira esaldi zuzenak:

  • San Sebastian eguneko danborrada bertan behera geratu da (ez *Donostia eguneko danborrada bertan behera geratu da)
  • Sarriegiren San Sebastian martxa joko dute (ez *Sarriegiren Donostia martxa/Donostiako martxa joko dute)
  • Emakumeek ere parte hartzen dute Azpeitiko danborradan (ez *Emakumeek ere parte hartzen dute Azpeitiako danborradan)

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa