Korrika Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den honetan, zazpi herrialdeetatik eta zazpi hiriburuetatik barrena, egokia iruditu zaigu gainbegiratu bat ematea herrialde eta hiriburuon izenek zenbait kasutan dituzten berezitasunei (oro har toki-izen askok dituzten berezitasunak, bestalde, zenbait izenetan amaierako -a artikulua izatearekin lotuak).
Euskal Herriko 7 herrialdeen izenak hauek ditugu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea (Baxenabarre ere onetsia da), Lapurdi eta Zuberoa. Izen horietatik bik artikulua dute amaierako -a, eta, ondorioz, leku-denborazko kasuetan ez da agertzen: Bizkaia izena erabiltzean, Bizkaiko, Bizkaitik eta Bizkaira dira forma zuzenak, eta Nafarroa Beherea izenaren kasuan Nafarroa Behereko, Nafarroa Beheretik eta Nafarroa Beherera. Halako izenak (-a) ondoan dutela ematen dira datutegietan; esaterako, Euskaltzaindiaren EODA datu-base onomastiko erreferentziazkoan —ikus Nafarroa Beherea eta Bizkaia—.
Hiriburu-izenak hauek dira: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona eta Maule. Horietan, Iruñea izenak du -a artikulua, eta Iruñeko, Iruñetik eta Iruñera dira, beraz, forma zuzenak.
Leku-denborazko atzizki horiekin ez ezik, adjektibo edo determinatzaileren bat hartzean ere -a gabeko formak dira zuzenak: Bizkai osoa zeharkatu, Bizkai maitea, orduko Bizkai hura, Nafarroa Behere aldean ibili, Iruñe guztia ezagutu…
Aposizioen kasuan, izenek gorde egiten dute artikulua: Bizkaia probintzia (edo Bizkaiko probintzia), Nafarroa Beherea herrialdea, Iruñea hiria…
Esan beharrik ez dago Euskal Herria izenak berak ere -a artikulua duela, eta Euskal Herri osoa eta gaurko Euskal Herri hau direla, adibidez, forma egokiak. Herrien kasuan, sail berean sartzekoak dira hainbat: Azpeitia, Hondarribia, Mañaria, Asparrena… Zalantza izanez gero, aipatutako EODA datu-basean, arauetan, Euskara Batuaren Eskuliburuan, Elhuyar hiztegian edo estilo-liburuetan egin daiteke kontsulta.