Ahozko erabilera formalean (idatzizkoan ere bai, baina ez da hain ugaria), gaztelaniaz, maiz entzuten da aditzen erabilera desegoki bat, klixe eskas bat, hizkuntzaren erabilera ez-zaindua salatzen duena. Erabilera hori kalkatuz, euskaraz ere entzuten dira horrelakoak.
Gaztelaniaz, erabilera desegoki hori deskribatuta dago (“el infinitivo radiofónico” esaten diote), eta ez erabiltzeko gomendioa egiten dute. Hona hemen zer gomendio eman duen Fundéu RAEk:
Por último, quiero señalar… o por último, es necesario señalar… son algunas de las expresiones apropiadas en español en lugar de por último, señalar…, forma inadecuada sin un verbo principal antes del infinitivo, tal como indica la Nueva gramática de la lengua española.
Euskaraz are okerragoak dira horrelako kalko ustelak, aditz-partizipioak perpausaren hasieran aginduak emateko jartzen baititugu:
Ireki atea. (agindua da: ireki ezazu)
Esan non izan zinen bart gauean. (agindua da: esan ezazu)
Amaitzeko, idatzi zure izen-abizenak. (agindua da: idatz itzazu)
Amaitzeko, esan zer egin zenuen atzo arratsaldean. (agindua da: esan ezazu)
Amaitzeko, esan zenbat urte dituzun. (agindua da: esan ezazu)
Horregatik, gaztelaniazko molde hori kalkatzeak oso efektu arraroa sortu du:
Amaitzeko, esan oso pozik gaudela hemen ospatzeagatik.
(Badirudi agindu bat ematen ari garela entzuten digunak “oso pozik gaude hemen egoteagatik” esan dezan)
Beraz, hobe genuke honelakoak ez esaten saiatuko bagina:
Bukatzeko, eskerrak eman gure ekitaldira etortzeagatik.
Amaitzeko, esan bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere.
Azkenik, adierazi datorren urtean ere itzuliko garela.
Eta, amaitzeko, aipatu jende askok deitu digula zoriontzeko.
Honela, askoz hobeto:
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekitaldira etortzeagatik
Amaitzeko, esan nahi dut bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere
Azkenik, adierazi behar dut datorren urtean ere itzuliko garela
Eta, amaitzeko, jakinarazi nahi nuke jende askok deitu digula zoriontzeko