Hiru letra baino ez dira, baina hamaika buruhauste eragiten ditu ere lokailuak. Izan ere, esaldi barruan, ezin da edonon kokatu, eta, kokapenaren arabera, esaldiaren esanahia aldatzen du gainera.
Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman honetaz, baina jasoa dago Euskara Batuaren Eskuliburuan eta Euskaltzaindiaren beraren beste lan batzuetan ere, hala nola Jagoneten eta EGLUn. Euskalki guztietan berdin samar erabiltzen da (Iparraldean bestelako moldeak badiren arren), eta erabilera estandarizatua dagoela esan liteke. Adibide batzuen bidez azaltzen saiatuko gara (gorriz, baztertzekoak iruditzen zaizkigunak).
Pandemia-garaiotan, inoiz baino gehiago, lagunekin egoteko premian gaude, eta adibide egokiak sortzeko parada eskaintzen digu kuadrillako afari behinolako haietako batek.
Demagun afaria egitekoak garela kuadrillan…
Mikel etortzekoa da. *Jon ere. *Nerea etorriko da ere. Igone ere etorriko da. Andoni ere bai. Baita Ainara ere.
Mikelek sagardoa ekarriko du. *Jonek sagardoa ekarriko du ere. *Nereak sagardoa ere ekarriko du (sagardoa Mikelek bakarrik ez, Nereak ere ekarriko duela esan nahi baldin bada). Igonek ere sagardoa ekarriko du. *Andonik ere. Andonik ere bai.
(Sagardoaz gain) Mikelek ardoa ere ekarriko du. *Mikelek ardoa ekarriko du ere. *Mikelek ere ekarriko du ardoa.
Nerea etorri zen azkena egin genuen afarira, eta *ere etorriko da hurrengora. *Hurrengora etorriko da ere. Hurrengora ere etorriko da.
Ez dakigu afaria non egin. Nerearen etxean egin dezakegu. *Andonirenean egin dezakegu ere. Mikelenean ere egin dezakegu. *Ere egin dezakegu jatetxe batean. *Jonen baserrian ere baita. Baita Igoneren elkartean ere. *Ainararen terrazan ere. Ainararen terrazan ere bai.
Emendiozko lokailua da ere, eta erreferentzia bat gehitzen dio aurreko esaldian emandako informazioari, zehazki ezkerraldean duen osagaiak aditzera ematen duena.
Ondorengo esaldi hauek denak dira zuzenak, baina ez dute gauza bera esan nahi. Ikusten duzue aldea?
Mikelek gaur postrea ekarriko du. Nik gaur postrea ekarriko dut.
Nik ere gaur postrea ekarriko dut. (Mikelek eta biok ekarriko dugu postrea)
Nik gaur ere postrea ekarriko dut. (Aurreko afarian ere postrea ekartzea egokitu zitzaidan niri)
Nik gaur postrea ere ekarriko dut. (Ogia ekarriko dut, eta postrea ere bai)
Nik gaur postrea ekarri ere egingo dut. (Postrea erosteaz gain, ekarri ere egingo dut)
Ikasiko dugu ere ondo erabiltzen, eta etorriko da kuadrillako afariak egiteko garaia ere. Bai horixe!