Azken egunotan, energia elektrikoaren prezioaren gorabeherek (gorabeherak baino zehatzagoa litzateke “goragorak” esatea) hedabideetan ageri dira egunero, eta energia elektrikoaren unitaterik erabilienaren izena denon ahotan (eta idazkietan) dabil.
Zenbait erabilera oker (ez dira berriak) dabil hor zehar, behin eta berriro, bai unitatearen izenari dagokionez, bai unitatearen sinboloari dagokionez. Argitu ditzagun:
Ez dira nahastu behar potentzia eta energia. Magnitude desberdinak dira, eta bakoitzak bere unitateak ditu.
kilowatta potentzia-unitate bat da (1 kilowatt = 1000 watt) eta megawatta ere potentzia-unitate bat da, handiagoa (1 megawatt = 1.000.000 watt).
Watt unitatearen sinboloa W da (eta ez w), kilowatt unitatearen sinboloa kW da (eta ez KW edo Kw) eta megawatt unitatearen sinboloa MW da (eta ez Mw edo mW). Kontuan izan behar da, gainera, oso akats larria litzatekeela mW idaztea MW behar den tokian, zeren eta mW sinboloa miliwatt unitateari baitagokio. Hau da: 1 mW = 0,001 W, eta 1 MW = 1.000.000 W.
Kilowatt-ordua energia-unitate bat da, eta unitate horren sinboloa kWh da (edo kW·h).
Ohikoa da sinbolo hori gaizki idatzita ikustea, bai eta dagokion unitate-izena ere gaizki idatzita ikustea (edo gaizki esanda entzutea). Izan ere, abiaduraren unitateari kilometro orduko esaten zaionez eta km/h sinboloa duenez, analogiaz, kilowatt orduko eta kW/h egiten dute batzuek. Ez dute elkarren antzik, ordea. Energiaren unitatea A × B motakoa da (kilowatt-ordu), eta abiadurarena, berriz, A / B motakoa (kilometro/ordu; hau da, kilometro zati ordu edo kilometro orduko).
Gerta daiteke, dena dela, kilowatt-orduko agertzea testu batean, baina amaierako –ko hori ez dagokio unitatearen izenari, ondoren datorren izenarekin lotzekoa baita. Adibidez:
Urtean 50.000 kilowatt-ordu baino gehiago kontsumitzen du enpresak (ZENBAT)
Urtean 50.000 kilowatt-orduko kontsumoa gainditzen du enpresak (ZENBATEKO)
(hauetan bezala: sei metroko soka, hamar kilogramoko harria, orduko hogei kilometroko abiadura)
Bi esaldi horiek, beraz, zuzenak dira. Hauek ere bai:
2021eko lehen zazpi egunetan argiaren prezioak % 27 egin du gora: 18,61 zentimo kilowatt-orduko (= kilowatt-ordu bakoitzeko)
Haiek ia milioi bat kilowatt-orduko energia elektrikoa ekoizten dute (ZENBATEKO)
Hauek, berriz, ez dira zuzenak:
Ziklo konbinatuko zentralak 1254 milioi kilowatt orduko ekoitzi zituen aurtengo lehenengo hiru hiletan (ZENBAT)
(honela behar du: ... 1254 milioi kilowatt-ordu ekoitzi zituen...)
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 280 milioi kilowatt orduko gastatzen dira argitan (ZENBAT)
(honela behar du: ... 280 milioi kilowatt-ordu gastatzen dira...)