Elhuyar Hiztegia

Tenperatura: graduak


Ez da izango, ziur asko, sargoriari aurre egiteko estrategiarik egokiena, baina “Azpeitian, atzo arratsaldean, 36 gradu” eta “Zarautzen, gaur egunsentian, 24 gradu”-ka gabiltza denok azken egunotan. Esan bai, baina idatzi, nola? Ikurren bat jarri behar da? Eta letrarik? Non? Zenbakiari lotuta ala aparte?

Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanera jo dugu azalpen bila, bai eta aurkitu ere.
Tenperatura sinbolo bidez adierazi nahi dugunean —Celsius, Fahrenheit edo Reaumur eskalan—, hutsarte bat utzi behar da zenbakiaren ondoren, eta eskala bakoitzeko unitatearen sinboloa adierazteko, lehenik ° sinboloa idatzi behar da eta, segidan, C, F edo R letra, tarterik utzi gabe sinboloaren eta letraren artean.

Adibidez: 36 °C edo 78 °F

OHARRAK:

•    Ordenagailuan idazten ari garenean zenbakia eta unitatearen sinboloa lerro banatan gelditu ez daitezen, hutsarte berezi bat behar dugu, zenbakiari eta unitatearen sinboloari beti loturik eutsiko diena. Teklatu gehienetan, honela egiten da hori: Ctrl + Alt + zuriune-barra batera sakatuta.

•    Graduaren sinboloa idazteko, berriz, kontuan izan behar dugu, sinboloa ez dela “o” minuskula bat, eta, beraz, horrek ez duela balio, ez eta teklatuetan ezkerraldean goian ageri diren “a” eta “o” txikiak ere, gaztelaniazko laburduretarako erabiltzen ditugunak (adibidez: 1.º, 3.ª…). Graduaren sinboloa idazteko, tekla-konbinazio hau da ohikoena Windows sistema eragilea darabilten ordenagailuetan: Alt + 0176 (zenbaki-teklatukoak).

Deklinabidea dela eta, berriz, tenperaturak adieraztean, zalantza egiten dugu ea atzizkiak mugatuan ala mugagabean joan behar duen (hau da, 35 °C-an ala 35 °C-tan). Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanaren arabera, mugatuan ematekoak dira horrelakoak. Hau da: Ura 35 °C-an dago.

Hala ere, ohar garrantzitsu bat egiten du horren inguruan Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuak (EBE): izan ere, Euskaltzaindiak oraindik ez du araurik eman unitate-izenez eta zenbatzailez osatutako izen-sintagmen NORA, NORAKO, NONDIK, NORAINO eta NORANTZ kasuko deklinabideari buruz; alegia, ez du araurik eman hauen erabileraz:

•    5 graduan ala 5 gradutan
•    zenbat urte(ta)tik ala zenbat urte(ta)ra
•    lau urtera ala lau urtetara
•    zenbat kilometrora ala zenbat kilometrotara

EBEk zehazten du Hegoaldeko literatura-tradizioko erabileran -ta- gabekoak direla nagusi (5 graduan, lau urtera...) eta Iparraldean, berriz, -tadunak (5 gradutan, lau urtetara...).

Eta hau dio amaitzeko:
«Berez bi moldeak zilegi diren arren, azken urteotan sintagma horiek mugatu singularrean deklinatzera jo da».

Ela halaxe gomendatzen du Elhuyarrek ere. Ura 35 °C-an dago (ez *Ura 35 °C-tan dago).

Tira, edonola ere, gerizpean badaezpada!

 

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa