Elhuyar Hiztegia

Zer da, zer da… aurpegia eta sudurra estaltzeko zer hori?

Ohiko osagarri bihurtu zaigu azkenaldian. Sudurra eta ahoa estaltzeko erabiltzen dugun zer horretaz ari gara, baina nola du izena? Maskarilla, maska, maskara, musuko…?

Gaztelaniaz, errotu samar dago mascarilla. Frantsesez, masque nagusitzen da. Ingelesez, (face) mask darabilte. Eta euskaraz?

Euskaraz, gauza bitxia gertatu zaigu. Orain arte, maskara zen hiztegi eta testu gehienetan ageri zen ordain ia bakarra, baina beste hitz bat entzuten da bolo-bolo: musuko.

Dirudienez, Patxi Saez soziolinguistak hala erabiltzeko proposatu zien Berriako eta ETBko euskara-arduradunei, euskarak “bereago” duen hitza delakoan, eta joera garbizale horrek arrakasta izan du, nonahi entzuten baita orain musuko.

Argi dago euskaraz ondo osatutako hitza dela (musu + ko), eta hala azaldu zuen Adolfo Arejita euskaltzainak Euskadi Irratian (2020-04-20).

Beraz, ez dugu arazorik ikusten musuko erabiltzeko. Baina ez dugu ahaztu behar maskara nazioarteko hitza dela eta, hortaz, euskarazko hitza ere badela. Testu teknikoetan, maskara da nagusi orain ere euskaraz.

Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da ageri musuko oraindik, eta oraintsu gehitu diote darabilgun adiera maskara hitzari: «Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, agente patogenoetatik, toxikoetatik edo hautsetik babesteko erabiltzen dena». Euskaltermen ere ez da ageri musuko. Labayru hiztegiak, ordea, biak jasotzen ditu, maskara eta mosuko/musuko. Berriaren estilo-liburuak ere jasoa du maskara; ez, ordea, musuko.

Eta Elhuyarren zer?

Bere garaian, sakelako eta sega-poto zabaldu ziren telefono mugikorra izendatzeko, eta jasoak ditugu gure hiztegietan; herri-hizkerako hitz gisa lehena, eta lagunarteko gisa bigarrena. Beharbada, ez legoke gaizki gauza bera egitea musuko hitzarekin.

Testu zientifiko-teknikoetan, maskara erabiltzea gomendatzen dugu. Gainerakoetan, ez dugu arazorik musuko onartzeko.

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda