Elhuyar Hiztegia

«Eta» juntagailua zenbakietan

«Hogeita bi hamasei egin dugu», esan zidan atzo semearen lagunak, pilota-partida amaitu berritan. Zeharka begiratu zidan semeak, eta «hogeita bi eta hamasei» esan zidan. Ondo ikasia dauka…
Askotan ez gara konturatu ere egiten; hainbesteraino geureganatu dugu eta kentzeko ohitura hori. Tradizioan ez da horrela izan, ordea. Ikus dezagun nola erabili izan den eta juntagailua zenbakiak ematean oraintsu arte:

- 1.500, 2.700 eta gisako zenbakiak tradizioan eta emendiozkoarekin eman izan dira euskaraz, eta sistema hori da hobestekoa egun ere: 1.500 > *mila bostehun (> mila eta bostehun); 2.700 > *bi mila zazpiehun (> bi mila eta zazpiehun); *bi milioi zazpiehun mila euro (> bi milioi eta zazpiehun mila euro); 1.200.000 > *milioi eta berrehun mila, *milioi bat berrehun mila (> milioi bat eta berrehun mila); 2022an > *bi mila hogeita bian (> bi mila eta hogeita bian).

- Ohitura hori salgaien prezioak eta kirol-proben emaitzak emateko ere gorde da orain arte: *Kafea bat berrogei da (> Kafea bat eta berrogei da). *Hiru bat irabazi du Osasunak (> Hiru eta bat irabazi du Osasunak).

Beraz, noiz ematen ditugu zenbakiak eta gabe? Hauxe da salbuespen bakarra: mila (1.000) zenbakitik gora, eta kendu egiten da ondoren datozen ehunekoetan ere agertzen bada: «mila eta berrehun», baina «mila Ø berrehun eta bi»; «mila eta laurehun», baina «mila Ø laurehun eta bi».

Laburbilduz, eta emendiozkoa erabili behar genuke adibide hauetan:

1.500    [mila eta bostehun]    [*mila bostehun]
2022an gaude    [bi mila eta hogeita bian]    [*bi mila hogeita bian]
2,20 € d(ir)a    [bi (euro) eta hogei d(ir)a]    [*bi (euro) hogei  d(ir)a]
2-1 irabazi dugu    [bi eta bat irabazi dugu]    [*bi bat irabazi dugu]

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa