Elhuyar Hiztegia

 

Zer izen du Artizarrean aurkitu berri duten konposatuak? Fosf… zer?

Bizia Lurretik kanpo aurkitzeko aukerez mintzatzean, Marte izango da, seguru asko, gehienoi bururatuko zaigun lehen tokia. Planeta hori izan da ikertuena, bizia izateko kondizioak daudela pentsatu baita aspalditik. Garai batean bizia izan zelako aztarnak aurkitu bide dira, eta ikertze-arlo irekia da gaur egun.

Artizarra, berriz, bizirako ingurune ezin desegokiagoa dela aipatu da beti: berotegi-efektu handiaren ondorioz, atmosfera izugarri beroa da (464 °C-ko batez besteko tenperatura), ia urik gabea, eta azido sulfurikozko hodeiz estalita dago. Infernua.

Baina hara non duela gutxi jakin dugun ikertzaile-talde batek konposatu bat aurkitu duela Artizarraren atmosferan, eta, Lurrean substantzia hori prozesu biologikoen bidez baino sortzen ez denez, litekeena dela Artizarrean ere aktibitate biologikoaren seinale izatea.

Konposatuaren formula PH3 da, baina, albistea zabaltzeaz batera, izenaren inguruko zalantza agertu du hainbatek. Aurkikuntzaren egileek phosphine izena erabili dute, euskaraz fosfina dena. Hori da tradizio handiena duen izena, 1865etik erabiltzen dena.

Baina IUPACek, kimikako nomenklatura normalizatzeaz arduratzen den nazioarteko erakundeak, phospane hobetsi du, guretzat fosfano litzatekeena.

Izen "sistematikoa" da. Jacinto Iturbek ZTH-Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoko nomenklatura sarrerako artikuluan dioenez, izen sistematikoak "substantziaren estekiometrian oinarritzen dira", hau da, konposizioan, eta guraso-substantzia baten izenetik edo errotik abiatuta sortzen dira, aurrizkiak eta atzizkiak erabiliz. Adibidez, bi karbono dituen konposatu baten erroa et- da, eta hortik sortzen dira etano, etanol, azido etanoiko, eta abar.

Izen sistematikoez gain, IUPACek izen tribialak ere aipatzen ditu, hau da, tradiziozko izenak, eta haietako asko onartu egiten ditu. Adibidez, HCl konposatuaren izen sistematikoa klorano da, baina hidrogeno kloruro izena ere onartzen da (azido klorhidriko, berriz, zaharkitutzat jotzen da). Ez da hori, ordea, fosfina izenaren kasua, PH3 konposatua izendatzeko.

Horiek horrela, Elhuyarren gomendioa da IUPACen hautua aintzat hartzea eta fosfano erabiltzea, beste terminoen existentzia ukatu gabe. Irizpide hori erabili da Elhuyar aldizkarian argitaratu den albistean: Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan.

Dena den, fosfina terminoa ez da beti baztertzekoa, terminoari adiera bat aitortu baitio IUPACek GoldBook-eko phosphine sarreran. Beraz, phosphane / phospine kontzeptu-bereizketa egin du. Zer dira orduan fosfina horiek? ZTHn honela daude definituta: "Fosfanoaren hidrogeno-atomo bat edo gehiago erradikal karbonatatuz ordezkatzean lortzen diren konposatu organikoen izen generikoa". Adibidez, CH3PH2 konposatuaren izena metilfosfina da.

Horrenbestez, honela moldatu dugu ZTHn konposatu hauen argazki osoa.

Image
Fosfina ZTH

Ez dakigu Artizarrean egin den aurkikuntzak zer ibilbide izango duen Lurretik kanpoko biziaren bilaketan. Oraingoz, badakigu fosfanoa aurkitu dela; litekeena da etorkizunean fosfinak aurkitzea. Edo ez.

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda