Historiako pertsona ezagunen izenak tokiko hizkuntzako grafiara moldatu edota itzultzeko ohitura handia izan da kultura askotan. Ohitura edo joera horrek XV. mendera arte iraun zuen, gutxi gorabehera. Geroztiko izenak ez dira egokitzen edo moldatzen, aita santuen eta errege-erreginen izenak izan ezik. Euskara ez da salbuespen, eta, askotan, inguruko hizkuntzen eraginagatik, zalantza izaten dugu euskaraz horiek nola eman.
Euskararen kasuan, munduko pertsona historiko ezagun batzuen izenak arautuak dauzka Euskaltzaindiak. Arau hauetan daude, garaika sailkatuak: 66., 76., 129., 175., 176., 177., 179., 180., 181., 185., 186. eta 189. arauak.
Hona hemen, adibide gisa, zalantza eragin dutenetako batzuk:
Euskaraz |
Gaztelaniaz |
Frantsesez |
Ingelesez |
---|---|---|---|
Fernando Magallaes |
Fernando de Magallanes |
Fernand de Magellan |
Ferdinand Magellan |
Joana Arc-ekoa |
Juana de Arco |
Jeanne d'Arc |
Joan on Arc |
Kristobal Kolon |
Cristóbal Colón |
Christophe Colomb |
Christopher Columbus |
Joan Kalbino |
Juan Calvino |
Jean Calvon |
John Calvin |
Mikhail Gorbatxov |
Mijaíl Gorbachov |
Mikhaïl Gorbatchev |
Mikhail Gorbachev |
Henrike VIII.a |
Enrique VIII |
Henri VIII |
Henry VIII |
Alexandro Handia |
Alejandro Magno |
Alexandre le Grand |
Alexander the Great |
Pilato, Pontzio |
Pilato, Poncio / Pilatos |
Pilate, Ponce |
Pilate, Pontius |
Zizeron |
Cicerón |
Cicéron |
Cicero |
Euskal Herriko pertsona historikoei dagokienez, berriz, Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak bakarrik daude arautuak. Gainerakoei dagokienez, antzinako izenetan ohikoa da grafia gaurkotua erabiltzea. Adibidez, Bernat/Bernart Etxepare (nahiz eta jatorrizko liburuan Bernard Dechepare idatzita agertu).
Euskaltzaindiak onartutako izenak kontsultatzeko, baliabide egokia da Arauen Datutegi Onomastikoa (ADO), aukera ematen baitu pertsona-izenen euskarazko ordainak eskuratzeko, nahiz eta izena gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatzi.
Datutegi horretan agertzen ez diren izenetarako, baliagarria izan daiteke EIMAren estilo-liburuko Onomastika liburukia.