Elhuyar Hiztegia

Hurbilekoak… edo ez hainbeste

2020 urte bitxi honetako Gabonak ate-joka ditugu dagoeneko, eta agintariek zer erabakiko zain pasatu ditugu azken asteak. Aski errealitate desberdinak izango ditugu Euskal Herrian. Iparraldean, itxialdia zertxobait malgutu badute ere, ostalaritzak eta kultur ekitaldiek geldirik jarraitu beharko dute, urtarrilaren 20ra bitartean, gutxienez. Aldiz, Hegoaldean, murriztapenekin bada ere, taberna eta jatetxeak martxan dira oraingoz, eta badirudi egun seinalatuetan senideak eta hurbileko pertsonak bisitatzera joateko aukera izango dugula.

Zer da, baina, hurbileko edo gertuko pertsona izatea? Espainiako osasun-ministroak horren berri eman zuen unean bertan sortu zen zalantza; izan ere, gaztelaniazko «allegado» edo «personas allegadas» kontzeptua erabili zuen, eta ez da zehatz-zehatza, izatez.

Gaztelaniazko hiztegietara joz gero, Real Academia Españolaren Diccionario de la Lengua Españolan honela definitzen dute: «Persona cercana o próxima a otra en parentesco, amistad, trato o confianza». Beraz, familiako kide, senide edo ahaideez gain, lagun minak edo hurbileko pertsonak ere barne hartzen ditu kontzeptu horrek.

Euskarazko ordain egokia zein ote den bila ibili gara, eta hauxe topatu dugu gaztelania-euskara hiztegi elebidunetan:

Image
Allegados

Frantsesez, berriz, «proches» esaten diete.

Image
Proche

Ñabardurak ñabardura, hiztegi horiek guztiek irtenbide bertsuak proposatzen dituzte euskararako: senide edo familiakoa izatea, baita hurbileko izatea ere.

Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren euskarazko bertsioan eta hedabideetan «hurbileko» hitza erabili dute, eta hori gailendu da besteen artean gaztelaniazko «allegado/a» adierazteko. Beraz, hori erabiltzea proposatzen du Elhuyarrek.

Bakarrik edo senideekin nahiz hurbileko pertsonekin batera, ahalik eta ondoen igaro festak. Eguberri on eta urte berri on guztioi!

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda