Elhuyar Hiztegia
#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Sumendi baten erupzioa La Palman. Idazkera-gomendio batzuk

Fundéuren atzoko gomendio egokia ikusirik, iruditu zaigu lagungarri izan daitekeela gai horretaz euskaraz idazteko termino-zerrenda bat hona ekartzea.

  • Sumendi eta bolkan: biak daude jasota bai Elhuyar Hiztegian bai Euskaltzaindiaren Hiztegian. Haiekin batera, bolkaniko adjektiboa eta bolkanismo izena ditugu.
  • Erupzio hitza ere sarrera da euskal hiztegietan.
  • Sismo, seismo eta lurrikara: hirurak erabil daitezke. Hona Elhuyar Hiztegiko sismo sarrera. Sismo edo seismo esan badaiteke ere, jatorri bera duten beste hitz batzuetan ez daude bi aukera, bakarra baizik: sismografo, sismograma, sismologia, sismologo, sismometro.
  • Bolkanologian aditua bolkanologoa da.
  • Tenperatura sinbolikoki adierazten denean, zenbakiaren ondoren hutsartea utzi behar da; eta unitatearen sinboloa adierazteko, lehenik, ° sinboloa eta, segidan, C letra (Celsius gradu) jarri behar da, bien artean hutsarterik utzi gabe (adibidez, 19 °C). Hala dago jasota Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan.
  • La Palma. Hala idatzi behar dugu uhartearen izena, hala baitago jasota Euskaltzaindiaren 70. arauan (Mundu zabaleko uharte nagusiak) eta EODA Euskal Onomastikaren Datutegian.


 

2021-09-21