Elhuyar Hiztegia

Sinboloetan, letra xeheak eta larriak ez daude aukeran:
Km, Kg, KW sinbolorik ez!

Maiz askotan, unitateak erabiltzean, oso zenbaki handiak edo txikiak gertatzen dira. Adibidez, ez litzateke egokia edo praktikoa izango Baionatik Iruñerainoko distantzia edo ile baten diametroa metrotan adieraztea, edo automobil baten pisua gramotan, edo fabrika batean instalatutako potentzia wattetan. Horregatik, unitateen multiploak eta azpimultiploak erabiltzen dira, sistema metriko hamartarraren araberakoak.

Unitateen multiploak eta azpimultiploak adierazteko, aurrizkiak gehitzen zaizkie unitateen izenei (adibidez, mikro-, mili-, zenti-, dezi-, deka-, hekto-, kilo-, mega-, giga-...). Hala, milimetroa, kilometroa eta abar erabiltzen dugu, oso zenbaki handirik edo txikirik erabili beharrik ez izateko.

Multiplo edo azpimultiplo batez eratutako unitate-izenak hitz arruntak dira; hizkuntza bakoitzaren ortografiaren arabera idazten dira (euskaraz kilometro, gaztelaniaz kilómetro, frantsesez kilomètre, italieraz chilometro, portugesez quilômetro, ingelesez kilometre...), letra larriz edo xehez hasita, dagokienaren arabera. Adibidez, testu baten hasieran edo puntu baten ondoren, letra larriz hasita idazten dira.

Nazioarteko unitate-sisteman, hala unitateek nola haiekin batera erabiltzen diren azpimultiploek eta multiploek sinbolo normalizatuak dituzte. Hau da, idazkera sinbolikoa batuta dago nazioartean, unibertsala da. Unitateen eta aurrizkien ortografia aldatu egiten da hizkuntzatik hizkuntzara, baina sinboloena ez: hizkuntza guztietan berdin idazten dira, aldaezinak dira.

Aurrizki horietako batzuen sinboloak letra xeheak dira (mili-: m; zenti-: c; kilo-: k; eta abar), eta beste batzuk, berriz —1.000.000 edo gehiago adierazten dutenak—, letra larriak (mega-: M; giga-: G; tera-: T; eta abar). Sinboloak dira, aldaezinak dira. Beraz, aurrizkien sinboloak ezin dira letra larriz edo letra xehez jarri testuan duten posizioaren arabera edo norberaren gogoaren arabera.

Hala, kilo- aurrizkiaren sinboloa k da (xehea), eta ez K (larria). Adibidez, testuan zer posizio duen, kilogramo (ohiko testuetan, esaldiaren hasieran ez badago) edo Kilogramo (ohiko testu batean, baldin eta testuaren lehen hitza bada edo puntu baten ondoren gertatzen bada) edo KILOGRAMO (adibidez, dena letra larriz idatzia duen izenburu batean) idatziko dugu, baina unitate hori adierazten duen sinboloa kg izango da beti, eta ezin da Kg edo KG idatzi. Ortografia-akatsa da Kg, Km edo KW idaztea kilogramo, kilometro edo kilowatt adierazteko, hurrenez hurren. Idazkera bakarra dute: kg, km eta kW, euskaraz zein erdaraz.

Gainera, sinboloa gaizki idazteak, batzuetan, erabat aldatzen du esanahia. Adibidez:

1 mm = 0,001 metro (milimetroa) / 1 Mm = 1.000.000 metro (megametroa)

1 pm = 10–12 metro (pikometroa) / 1 Pm = 1015 metro (petametroa)

1 zm = 10–21 metro (zeptometroa) / 1 Zm = 1021 metro (zetametroa)

1 ym = 10–24 metro (joktometroa) / 1 Ym = 1024 metro (jotametroa)

 

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda