Elhuyar Hiztegia

Kontuz: dagoeneko ≠ honezkero

Badira euskaraz bi adberbio nahastea eragiten dietenak zenbaiti: dagoeneko eta honezkero. Askok sinonimotzat hartzen badituzte ere, ez dute esanahi bera denborazko bi adierazpide horiek.

Hitz egiten ari garen unearen aurretik gertatutako gauzei egiten die erreferentzia dagoenekok, eta ziurtzat jotzen du adierazten dena.

50 urte bete ditu dagoeneko Elhuyarrek.

Udaberrian gaude dagoeneko; herenegun sartu ginen.

Aldiz, ustea edo susmoa adierazten du honezkerok. Ez da ziurra esaten dena, suposizio bat baizik.

Bihar deituko diot, honezkero lo egongo da eta.

Berandu gabiltza, eta honezkero itxiko zuten okindegia.

Orainaldiko testuinguruetan baino ezin da erabili honezkero. Iraganekoetan ere erabili izan da dagoeneko, baina ohikoagoa da ordurako, orduko edo ordukotz erabiltzea halakoetan, baita etorkizunari buruzko testuinguruetan ere. Azken urteotan *zegoeneko forma ere agertzen da zenbaitetan lehenaldiko informazioa ematen duten testuetan, baina forma horrek ez du tradiziorik euskaraz.

Handik bi urtera jaio zitzaien alaba, baina ordurako bazuten beste ume bat.

Etxera iristen zarenean, zabaldu arropa mesedez. Ordurako amaituko du garbigailuak.

2022-03-24

 

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa