Elhuyar Hiztegia

Aldiberekotasuna: -t(z)ean, -t(z)erakoan, -takoan

 


Demagun mendeko perpaus batez osatutako esaldi bat, non perpaus nagusiko gertaera eta mendeko perpausekoa aldi berean gertatzen baitira:

Filma ikustean, irudiak buruan dantzan izan ditut.

Aldi berean, bai, baina zer unetan? Hasierako unean, une guztian ala amaierako unean?

Ñabardura horiek bereizteko, jokatu gabeko aditzekin hiru molde nagusi ditugu eskura: -t(z)ean, -t(z)erakoan eta -takoan.

a)    Gertakari bat bestea hasteko unean gertatzen da: -t(z)erakoan eta -t(z)ean.

Jangelatik irteterakoan, atea ezin aurkiturik ibili da.
Jangelatik irtetean, atea ezin aurkiturik ibili da.

b)    Bi gertakariak une guztian gertatzen badira: -t(z)ean.

Hitz egitean, eskuak gora eta behera mugitzen zituen.
*Hitz egiterakoan, eskuak gora eta behera mugitzen zituen.

c)    Gertakari bat bestearen amaieran gertatzen da: -takoan eta -t(z)ean.

Filma amaitutakoan, zinematik irten ginen.
Filma amaitzean, zinematik irten ginen.

!! Gaur egun, -t(z)erakoan formaren aldeko gehiegizko lerratzea sumatzen da.

Oharrak:

1.    Mendeko perpausak ez badu adierazten denbora, baizik eta ZERTAN, ez da zuzena -t(z)erakoan erabiltzea.

*Bakoitzari berea ematerakoan datza justizia (Bakoitzari berea ematean datza justizia).
*Hutsik ez egiterakoan dago garaipenaren erdia (Hutsik ez egitean dago garaipenaren erdia).

2. Egiterako orduan, pentsatzerako garaian… ez dira zuzenak.

*Haserre handiak izaten dira notak jasotzerako garaian (Haserre handiak izaten dira notak jasotzean / jasotzeko garaian).
*Norbaiti errieta egiterako orduan (Norbaiti errieta errieta egitean / errieta egiteko orduan).

3. -t(z)ekoan: ez du aldiberekotasuna adierazten, baizik ekintzaren unea:

Bazkaltzekoan, tabernan telebista piztua izaten dute.
Otoitzekoan, eliztarrak belauniko jartzen dira.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa