Aho-korapiloen zerrendan sartzeko moduko esaldia den arren, ahoskera alde batera utzi, eta idatzizko formari begiratuko diogu; zehazki, marratxoaren erabilerari.
Lehenik eta behin, parte hartze / parte-hartze aditz-izenari erreparatuko diogu. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, aditz-izena da «Izenaren funtzioa bete dezakeen aditz forma ez-jokatua, -t(z)e atzizkiarekin eratzen dena». Eta, Euskaltzaindiaren 25. arauaren arabera, era horretako hitz-elkarteak (alegia, bigarren osagaia aditz-izenkia dutenak, eta lehena bigarrenaren osagarri zuzen), marratxoarekin edo bereiz idatz daitezke. Beraz, adibide honetan, bi formak dira zuzenak, biak egokiak:
Hauteskunde-kanpainetan, gazteen parte-hartzea bultzatzen saiatzen dira.
Hauteskunde kanpainetan, gazteen parte hartzea bultzatzen saiatzen dira.
Gauza bakarra da kontuan hartu beharrekoa: esku artean dugun testuan zer irizpideri jarraitzen ari garen hitz elkartuak idazteko. Izen+izen elkarteak marratxoarekin lotzen ari bagara (behi-esne, administrazio-ebazpen, zelula-mintz), parte-hartze idatzi behar dugu. Marratxorik gabe lotzen ari bagara (behi esne, administrazio ebazpen, zelula mintz), parte hartze.
Bestalde, aditza ere izan daiteke, eta, kasu horretan, bigarren osagaia hartu duenez, beti bereiz idatzi behar da: parte hartu. Izan ere, arestian aipatutako 25. arauaren arabera, bereiz idatzi behar dira «egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz-elkarteak».
Oroigarri bat eman diete lehiaketan parte hartu duten guztiei.
Eskola-bileretan parte hartzen duten guraso gehienak emakumezkoak izaten dira.
Honako adibide hauetan, errazago bereiziko ditugu aurreko bi kasuak:
Antolatzaileek boluntarioen parte-hartzea eskertu zuten. (IZENA+IZENA)
Antolatzaileek boluntarioen parte hartzea eskertu zuten. (IZENA+IZENA)
Antolatzaileek nahi zuten boluntarioek ere parte hartzea. (IZENA+ADITZA)
Azkenik, parte-hartzaile forma dugu. Izen+izen elkartea da, eta beti izen-funtzioa betetzen du. Beraz, marratxoarekin lotuta zein bereiz idatz daiteke, betiere, lehen esan bezala, irizpide nagusiari jaramon eginda:
Lasterketako parte-hartzaileek dortsala atzealdean eraman behar dute.
Aurtengo edizioan 250 parte hartzaile izatea espero dute.
Azalpen hauek guztiak baliagarriak dira esku hartu, esku hartze eta esku-hartze formentzat ere. Aho-korapiloa, kasu horretan, honela geratuko litzateke: esku-hartzean esku hartzen duten esku hartzaileak.