Elhuyar Hiztegia

Garapen jasangarria ala iraunkorra?

 

 

 

 

 

 


Bada denboratxo bat zientzialariak abisuak ematen ari direla, ingurumenaren babesean kale egiten ari garela esanez. Horri buruz aritzeko maiz erabiltzen diren kontzeptuetako bat sustainability da ingelesez, eta harekin hertsiki lotua dago ingurumen-arloko sustainable development ere. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikora jotzen badugu, bigarren kontzeptua honela definitu da: «Hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe oraingo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala». Gaztelaniaz, desarrollo sostenible, frantsesez, aldiz, développement durable.

Kontzeptu horren euskarazko baliokideak 1990eko hamarkadan hasi ziren testuetan azaltzen. ZTC edo Zientzia eta Teknologiaren Corpusean, 1993koak dira lehen agerpenak, garapen jasangarri terminoarenak, hain zuzen. Handik aurrera, asko hedatu zen termino hori. 2002 urtera bitartean, 180 aldiz dago ZTC corpusean. Beste aukera batzuk ere proposatu ziren (eramangarri, sostengagarri…), baina 1998an, Elhuyarrek Eusko Jaurlaritzarentzat landu zuen Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoan, garapen jasangarri sarrera argitaratu zen. Orduko termino erabiliena izateaz gain, arloko adituen oniritzia zuen, eta egokiena zela iritzi genion. Ordurako, sustainable adjektiboa beste izen batzuekin ere hasia zen erabiltzen: garraio, kontsumo, turismo, mugikortasun, eraikin

Bazirudien euskarazko terminoa finkatzeko bidean zegoela, baina 2004an Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa gomendatu zuen. ZTC corpusean, 2002ra arte, termino hori 2 aldiz dago. Bistan dena, gomendio hura ez zen erabilera-datuetan oinarritua; badirudi frantsesezko terminoaren kalkoa hobetsi zutela, durable adjektiboa erabiltzen baita frantsesez.

Aditu eta itzultzaile askok adierazia zuten ordurako adiera nahasgarriak sortzen direla iraunkor izenondoa kontsumo, garraio, eraikin eta antzeko izenekin konbinatzean. Izan ere, iraunkor hitzaren adieretako bat gaztelaniazko permanente eta frantsesezko permanent da, eta, askotan, justu esan nahi denaren kontrako mezua eman dezake. Esaterako, aditu askok gure jarduera-mailak beheratzea gomendatu dute horiek sustainable izatea nahi badugu. Ikuspegi horretatik, garraio edo kontsumo iraunkorrak, 'permanenteak', ez dira oso jasangarriak izango ingumenarentzat… Adibide horrek berak ematen digu aukera jasangarriren abantailez jabetzeko: ingurumenak "jasan" dezakeen garapen-eredu bat eta kontsumo-maila bat soilik izan daitezke sustainable, hau da, jasangarriak.

Terminologia Batzordeak aintzat hartu zuen Elhuyarren arrazoibidea, eta jasangarri gomendatu ere bai. Hala ere, garapen iraunkor Euskaltzaindiaren gomendioa zenez, hiztegi horretan biak sartzea proposatu zuen. Gaur egun, Euskaltzaindiak ere onartua du garapen jasangarri, eta biak sartu ditu bere hiztegian, maila berean sartu ere, hobespenik egin gabe.

Hori da ba oraingo egoera: sustainable adierazteko bi hitz erabiltzen dira euskaraz, jasangarri eta iraunkor. Elhuyarren segitzen dugu pentsatzen jasangarri dela egokiena eta iraunkor desegokia dela, nahasgarria baita. Hala, ez dugu arazorik izango honelakoak itzultzean, esate baterako:


•    Materiales de construcción sostenibles y duraderos
•    El objetivo es la mejora de la sostenibilidad y durabilidad del hormigón
•    Bruselas lanza medidas para lograr productos sostenibles y duraderos
•    Sostenibilidad, durabilidad y calidad, definen nuestra empresa.
•   ¿Es compatible la durabilidad con la sostenibilidad en la industria de la construcción?

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda