Elhuyar Hiztegia

Tximino-baztanga? Hobe t-baztanga/tbaztanga edo mpox

 

2022ko maiatzean, tximino-baztangaren agerraldiak izan ziren Europako zenbait tokitan, baita Euskal Herrian ere. Albistea zabaldu ahala, ordura arte gaixotasun hori izendatzeko erabilitako terminoek zalantza sortu zuten, bai euskaraz bai beste hizkuntza batzuetan, zenbait kasutan animalia-espezieei eta herrien izenei erreferentzia egiten zietelako.

Euskarari dagokionez, orain arte erabili izan diren terminoei buruzko gomendio bat argitaratu genuen, eta, besteak beste, hau esan genuen:

«Beraz, baztanga, nafarreria, tximino-baztanga eta antzeko terminoak neutrotzat jo behar dira, eta ez litzateke estigmatizazio- edo diskriminazio-zantzurik ikusi behar horietan.»

Nola iritsi ginen ondorio horretara? Bada, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaixotasunen izenak haien sintometan oinarritutako termino deskribatzaile generikoekin osatzea gomendatzen du, alde batera utzita, besteak beste, animalia-espezieak eta herriei erreferentzia egiten dieten izenak; alabaina, gomendio hori infekzio, sindrome eta gaixotasun berriei aplikatzen zaie, ez garai batean sortu eta herritarren artean hedatuta dauden gaixotasun-izenei. Beraz, kasu honi ez zegokion irizpide hori aplikatzea, eta egokia zen ordura arteko terminoak erabiltzea.

Nolanahi ere, OMEk gaixotasun horren izendapenari buruzko ohar bat zabaldu zuen 2022ko azaroaren 28an. Zenbait aholku-batzorderekin batera gaia ondo aztertu ondoren, bi erabaki nagusi jakinarazi zituen: batetik, ingelesezko monkey pox terminoarekin batera mpox ere erabiltzea; bestetik, urtebeteko trantsizio-epea igaro ondoren mpox terminoa lehenetsi eta bultzatzea. Gainerako hizkuntzetarako ere termino hori gomendatu badu ere, oraindik aztertzen ari dira besteetan nola deitu.

Berriz gurera etorrita, azaroaren 29an Adolfo Arejita euskaltzainak euskarazko izendapenari buruzko azalpenak eman zituen Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Hark esandakoaren arabera, baztanga hitza ez dator Nafarroako Baztan herriaren izenetik, baizik eta pastinacatik, hau da, azenarioa eta antzeko landare-sustrai hori-laranjakarei erreferentzia egiten dien latinezko hitzetik. Beraz, ez legoke arazorik gaixotasuna adierazteko terminoan baztanga hitza erabiltzeko. Ingelesezko termino berria sortzeko erabili duten bide beretik joz, euskaraz t-baztanga (edo tbaztanga, ez zuen zehaztu idazkera) erabiltzea proposatu zuen. Aldiz, ikusita OMEk gaixotasun berrien izendapenei aplikatutako irizpide berak erabili dituela aspaldiko gaixotasun hau adierazteko orain arte erabilitako terminoak alde batera uzteko, nafarreria terminoa ere baztertzekoa litzateke, eremu geografiko bati erreferentzia egiten diolako.

OMEren eta Arejitaren gomendio eta iritziei jaramon eginda, eta EHUko adituen iritzia ere jaso ondoren, gure ustez, oraingoz, bi termino hauek erabiltzeko aukera dugu: t-baztanga/tbaztanga eta mpox. Lehenari dagokionez, euskarazko ohiko bideetatik sortuz gero marratxoa jarriko genioke ziur asko (izen-izen elkartea baita); alabaina, ingelesezko terminoa sortzeko ere ezohiko bidetik jo dute. Gainera, t-baztanga erabiliz gero, T-zelulekin nahasteko arriskua ere badago, testuinguruaren arabera. Bestalde, ahoskera ere kontuan hartu behar genuke; nola ahoskatu behar genituzke tbaztanga eta mpox terminoak?

Gainerako hizkuntzetarako hartzen dituzten erabakiei adi egongo gara, eta euskarazko terminoen erabileraren bilakaerari ere kasu egingo diogu.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa