Elhuyar Hiztegia

Tximino-baztanga: izen zuzena eta egokia

Azken egunetan, Europako zenbait tokitan birus zoonotiko batek eragindako gaixotasun baten agerraldiak izaten ari direla zabaldu da komunikabide eta sare sozialetan. Horren harira, titular hau irakur dezakegu, besteak beste:

Alarma piztu dute Europako tximino-baztangaren kasuek (@ElhuyarZientzia)

Gaixotasuna izendatzeko erabiltzen den terminoak zalantzaren bat edo beste eragin eta zeresana eman dezakeelakoan, argi apur bat egiten saiatuko gara.

Aipatutako izenburuan ageri denez, apurka zabaltzen ari den gaixotasun horri tximino-baztanga esaten zaio euskaraz, eta honela dago jasota Euskalterm terminologia-bankuan:

Zergatik tximino? Bada, Elhuyar aldizkariko albiste honetan irakur daitekeenez, birusa tximinoetan identifikatu zen lehen aldiz, eta, baztangaren antzeko gaitza sorrarazten zienez, tximino-baztanga deitu zitzaion. Halere, batez ere arratoiek eta halako karraskariek transmititzen dute.

Eta zergatik baztanga? Euskaraz, termino hori erabiltzen da gaztelaniaz viruela eta frantsesez variole deitzen zaion gaixotasuna izendatzeko, beste bi ordainekin batera: nafarreria eta pikota. Hala dago jasota zenbait iturritan (Euskaltzaindiaren Hiztegia, Elhuyar Hiztegia, Zehazki, Euskalterm, Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia), eta hala erabili izan da, corpusetako datuek erakusten dutenez. Hiruren artean, baztanga da erabiliena.

Berriki arte, sarri gertatu da gaixotasun berriak izendatzeko herritarren artean zabaldutako terminoek nolabaiteko lotura izatea agerpen-tokiarekin, eta ez ezinbestean lehenengo agerraldiarekin (Espainiako gripea, Ebola birusaren gaixotasuna…). Baztangaren eta nafarreriaren kasuan, pentsatzekoa da uneren batean gaixotasun horren izurri handi bat egon zela Baztanen eta beharbada baita Nafarroako beste eremu batzuetan ere, eta hortik hartu zuela izena.

Labayru Hiztegian beste ordain batzuk ere ageri dira, baina badirudi eremu txikiagoan erabili izan direla eta gaur egun ere horien erabilera oso mugatua dela. Horien artean sakute dugu, zeina honela jasoa baitago Orotariko Euskal Hiztegian («naparreria edo zakutea edo baztanga deritxon gaiso zikiña»):

Beraz, baztanga, nafarreria, tximino-baztanga eta antzeko terminoak neutrotzat jo behar dira, eta ez litzateke estigmatizazio- edo diskriminazio-zantzurik ikusi behar horietan.

Nolanahi ere, agerikoa da izendapen desegoki batek ondorio negatiboak izan ditzakeela zuzenean eragindako herritar eta herrialdeentzat. Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) giza gaixotasun infekzioso berriak izendatzeko jardunbide egokiak plazaratu zituen 2015eko maiatzean.

Besteak beste, gomendatzen du gaixotasunen izenak haien sintometan oinarritutako termino deskribatzaile generikoekin osatzea, baita termino deskribatzaile zehatzagoekin ere, informazio fidagarria badago. Bestalde, toki- eta pertsona-izenak (Chagasen gaixotasuna) eta animalia- edo elikagai-espezieak (txerri-gripea) saihesteko gomendatzen du, baita hauek ere: kulturei eta herriei erreferentzia egiten dieten izenak, industria eta lanbide zehatzenak (legionarioen gaixotasuna) eta beldurra eragiten dutenak (ezezagun, hilgarri, epidemiko).

OMEren gomendio horiek infekzio, sindrome eta gaixotasun berriei aplikatzen zaizkie, hau da, orain arte gizakietan aurkitu ez badira ere osasun publikoan eragina izan dezaketenei eta termino arrunt eta ezagun baten bidez izendatu ez direnei. Aldiz, ez zaizkie aplikatzen garai batean sortu eta herritarren artean hedatuta dauden gaixotasun-izenei.

Beraz, zuzena eta egokia da tximino-baztanga terminoa erabiltzea.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda