Elhuyar Hiztegia

Sumendien glosarioa

Kanarietako La Palma uhartean erupzioa lehertzearekin batera, hiztegiak ere sutan hasi dira. Nola esaten zaio atmosferarantz hedatzen den material-multzoari? Zer da albisteetan aipatu duten laharra? Bada, gaurko gomendioa zalantza horiek argitzeko helburuarekin idatzi dugu.

Lerro hauetan bildutako informazio gehiena bi iturritatik jaso dugu: Elhuyar Hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (ZTH). Horiez gain, Euskaltzaindiaren Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoa eta Euskalterm terminologia-bankua ere erabili ditugu.

Zoaz zuzenean «Sumendien glosariora»

Sumendiak

(Iturria: Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia; Fernando Sarrionandia-Ibarra Egidazu geologian doktoreak sumendi sarrerarako ondutako artikulua, Elhuyarrek moldatua)

Lur barneko arrokak urtzen direnean, magma, gasak eta, batzuetan, magmatikoak ez diren materialak sortzen dira. Lur barneko aktibitatea handia bada, materia horrek Lurraren gainazalerako bidea egin dezake, lur barnetik kanpora irtenda, eta irteera- edo emisio-puntu horri sumendi deritzo. Kanpora ateratzen den magmari, berriz, laba esaten zaio.

Materia bi modutan irten daiteke gainazalera. Modu efusibo edo lasaian ateratzen bada, erupzio bolkaniko bat gertatu dela esaten dugu; kasu horretan, materia jario likido koherente gisa irteten da, eta jario horri laba-kolada esaten zaio. Leherketen bidez irteten bada (erupzio leherkorra), gasen espantsioak laba-zatiak (piroklastoak) jaurtitzen ditu atmosferara, eta altuera desberdineko erupzio-zutabeak eratzen dira.

Solidotutako labak eta piroklastoek arrokak sortzen dituzte (arroka bolkaniko labikoak eta arroka bolkaniko piroklastikoak), eta horien metaketak jatorri bolkanikoa duten erliebe positiboak eratzen ditu emisio-puntuaren inguruan, eraikin bolkanikoak deritzenak. Piroklastoen eta solidotu gabeko laben zati bat emisio-puntutik urrundu daiteke; hoztu, solidotu, eta laba-koladak nahiz metakin piroklastikoak eratuko ditu. Azkenik, aktibitate bolkanikoa bera ere gai da erliebe negatiboak eratzeko (maar).

Sumendien glosarioa:

  • aktibitate bolkaniko; jarduera bolkaniko; sumendiaren aktibitate; sumendiaren jarduera.

  • bonba bolkaniko; sumendi-bonba. 64 mm edo tamaina handiagoa duten forma biribileko piroklastoak. Sumendiak erupzioan laba-zati likatsuak botatzen dituenean sortzen dira. Bonba bolkanikoak erupzio-ahotik kilometro askoko distantziara jaurtiak izan daitezke.

  • eraikin bolkaniko; sumendi-eraikin. Erupzio bolkanikoetan jaurtitako materialek irekigunearen inguruan altxatutako erliebea; oro har, itxura konikoa hartzen du (kono bolkanikoa), eta dozenaka metro batzuetatik milaka metrora bitarteko garaiera izan dezake.

  • errauts bolkaniko; sumendi-errauts. Erupzioetan sortzen diren arroka-zatiak, mineral-zatiak eta beira bolkanikozko zatiak, 2 mm baino diametro txikiagoa dutenak. Batzuetan, erupzio leherkorretan sortzen diren produktu guztiak izendatzeko ere erabiltzen da (kasu horretan, tefra da termino zuzena).

  • errauts-kono. Leherketa bolkaniko baten ondorioz metatutako piroklastoek eratzen duten kono-itxurako egitura.

  • erupzio; erupzio bolkaniko; sumendi-erupzio. Lurrazalaren gainazalera material bolkanikoa kanporatzea (laba, piroklastoak, arroka-zatiak eta gas bolkanikoak). Jaurtitze-leku puntual batetik gerta daiteke (erupzio zentrala) edo hausturetatik (arrakala-erupzioa).

  • ezkutu bolkaniko; ezkutu-sumendi; ezkutu-bolkan. Malda leunak dituen sumendi handia, likatasun baxuko labaz osatzen dena. Sumendiaren arrakaletatik era jarraituan jariatutako laba basaltikozko metaketaz sortutako mendi bolkanikoa da. Lurreko sumendi handienetakoak mota honetakoak dira.

  • galdara. Sumendiaren gainean kokatuta dagoen eta zabalera handia (diametroa > 1,5 km) duen oin laudun sakonune azpizirkularra da, horma oso bertikalez mugatuta dagoena. Sakonune horren sorrera magma kanporatzearekin lotuta dago; magma-bolumen handi bat irteten denean, ganbera magmatikoaren sabaiko arrokak beherantz mugi daitezke failen bidez, egotzitako magmek utzitako hutsunea betetzeko.

  • ganbera magmatiko; magma-ganbera. Lurrazalaren azpiko eskualdea, sumendiek isurtzen dituzten magma mugikorren gordailua.

  • irekigune. Lur barneko materiaren irteera-zuloa edo arrakala, Lurraren gainazalean kokatuta dagoena.

  • kolada piroklastiko; fluxu piroklastiko. Solidotutako laba (bitroklastoak) eta arroka-zatiak gasekin batera nahastuta sortzen diren olde beroak (100-600 °C); sumendien magaletatik behera mugitzen dira lur-arrasean, abiadura handian (100 km/h edo gehiago).

  • kono bolkaniko. Erupzioetan sumendi batek botatako materialek tximiniaren inguruan eratzen duten kono-formako egitura.

  • krater. Eraikin bolkanikoaren gaineko tamaina txikiko sakonunea (diametroa < 1,5 km), oin laudun kaiku-itxurakoa; sakonune hori erupzio bolkanikoetan gertatutako leherketen eraginez sor daiteke (leherketa-kraterra) edo eraikin bolkanikoaren sabaia hondoratzetik (hondoratze-kraterra).

  • laba-kolada; laba-fluxu. Arroken galdatzetik sortutako masa likido koherentea; askotan, arroka-zatiak, bakuolotan aberatsak diren gai lurrunkorrak eta likidotik zuzenean kristaldutako mineralak biltzen ditu, eta Lurraren gainazaletik isurtzen da erupzio efusiboetan.

  • lahar; lokatz-kolada. Material bolkanoklastikoz osatutako kolada, sumendiaren maldan behera irristatzen dena. Oso suntsikorra da, eta zenbait arrazoiren ondorioz sor daiteke: eurite bortitzak, sumendiaren goiko aldeko glaziarra urtzea, sumendiaren gailurreko aintzira bat hustea edo sumendi-hegala hondoratzea.

  • lapilli. Erupzio bolkanikoetako harri txikiak, 1-64 mm bitarteko diametrokoak. Metatzean puzolarriak osatzen dituzte.

  • leherkortasun bolkanikoaren indize. 8 graduko eskala da, eta erupzio bolkanikoen magnitudea neurtzeko erabiltzen da. Jarduera bolkanikoan eragina duten zenbait faktore neurgarri edo hautemangarri konbinatuz lortzen da: sumendiak jaurtitako produktuen bolumen osoa (laba, piroklastoak, errauts bolkanikoa), zutabe eruptiboaren garaiera, erupzioaren iraupena eta leherkortasun-mailaren sintoma diren beste faktore batzuk.

  • maar. Erliebe zabal eta baxuko kraterra, erupzio edo leherketa freatiko batez sortua lurrazpiko urak laba edo magma beroarekin kontaktuan jartzearen ondorioz. Nagusiki, maar kraterra urez beteta egoten da, eta sakonera txikiko aintzira bat eratzen da.

  • magma. Lur barnean behe-lurrazaleko edo goi-mantuko arroken galdatzetik naturalki sortutako gai mugikor silikatoduna.

  • piroklasto. Erupzio bolkanikoetan jaurtitako partikula, tamainaren arabera sailkatzen dena.

  • puzolarri. Arroka bolkaniko oso zatikatua eta egitura basaltikoa duena. Kareaz nahasita, mortero hidrauliko moduan erabiltzen da.

  • tefra. Metakin piroklastiko ez-kontsolidatuak izendatzeko termino orokorra.

  • tximinia. Magmak ganbera magmatikotik gainazalera abiatzeko hartzen duen bidea.

  • zutabe eruptibo; erupzio-zutabe. Gas-fase jarraitua (batik bat, H2O-a eta CO2-a), barreiatutako piroklastoak biltzen dituena (laba-zatiak, laba solidotzetik sortutako beirak eta mineralak, eta arroka-zatiak); leherketa-erupzioetan, irekigunearen gainetik atmosferarantz abiatzen da.

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda