Elhuyar Hiztegia

 

Megak eta gigak ez dira ezeren unitateak, eta Mb eta MB oso unitate desberdinen sinboloak dira

Telefonia-operadoreen publizitatea noranahikoa eta noiznahikoa da; erasoa atergabea da, eta nekez egin dakioke aurre. Ekinaren ekinez eta errepikapenaren errepikapenez, gure burmuinetara iristen dira, modak ezartzen dituzte eta hizkuntza aldrebesten digute, zer esaten ari garen ez jakitera iristeraino.

Esango dizute testuinguruak beti argitzen duela esanahia, baina, galdetzen hasiz gero, zalantzak azaleratzen dira.

Igaro berri diren eguberriotan, adibidez, giga eta mega hitzen festa izan dugu. Bat gigak oparitzen, beste bat ez dakit zenbat megako zuntz optikoa eskaintzen...

Hona hemen lau kontzeptu garbi izan behar ditugunak, zertaz ari garen jakingo badugu eta ganoraz idatziko badugu:

1- giga eta mega ez dira unitateak, unitateekin batera erabiltzen diren multiploak adierazteko aurrizkiak baizik. Baionatik Bilbora 155 kilometro daude edo nire telefonoa 16 zentimetro luze da esaten dugu, eta inork ez du esaten Baionatik Bilbora 155 kilo daude edo nire telefonoa 16 zenti luze da.

Hau da, giga eta mega hitzek zerbaiten mila eta zerbaiten milioi bat adierazten dute, hurrenez hurren, baina, zerbait hori zer den zehazten ez badugu, ez dugu adierazi zertaz ari garen.

2- Informazioaren unitaterik oinarrizkoena bita da, eta haren sinboloa b da. Bada beste unitate bat, bytea, zortzi bitez osatua, eta haren sinboloa B da. Aski unitate txikiak direnez, multiploekin batera erabiltzen dira gehienetan, eta bakoitzak bere sinboloa du: megabit (Mb), gigabit (Gb), megabyte (MB), gigabyte (GB)...

Ez ditugu nahastu behar bi unitateok (1 MB ≠ 1 Mb). Izan ere, megabit bat (1 Mb) milioi bat bit dira, baina megabyte bat (1 MB) zortzi milioi bit dira: 1 MB = 8 Mb.

3- Oso kontzeptu garrantzitsua da datu-transferentziaren abiadura edo datu-emaria: denbora-unitateko transferitzen den informazio-kantitatea. Interneteko konexioaren abiaduraz ari garenean, datu-transferentziaren abiadura neurtzeko unitaterik erabiliena segundoko megabita da (Mb/s edo Mbps). Horregatik, inon entzuten edo irakurtzen badugu “600 megako zuntz optikoa” dagoela, pentsatu behar dugu segundoko 600 megabiteko datu‑transferentzia ematen duen zuntz optiko bat dela. Ez dezala inork pentsa segundoko 600 megabyteko transferentzia esan nahi duela (gehienez ere segundoko 75 megabyte izan litezke: 600/8 = 75).

Eta ez da zaila nahastea: izan ere, datuak biltegiratzeko gailuen arteko datu-transferentzia neurtzeko, ohikoa da kB/s eta MB/s unitateak erabiltzea (kilobyte segundoko eta megabyte segundoko, hurrenez hurren). Adibidez, fitxategiak ordenagailuko disko batetik beste batera pasatzean, ordenagailuak adieraz dezake 25 MB/s-ko abiaduran ari dela transferitzen.

Bestalde, telefonoan “10 giga” gehiago doan izango ditugula irakurtzen badugu, pentsatu behar dugu “10 gigabyte” (10 GB) —informazioa, datuak— Internet bidez gure telefonora deskargatzeaz edo telefonotik norabait kargatzeaz ari dela; alegia, datu-kopurua da, eta horrek ez du zerikusirik datu horien karga- edo deskarga-abiadurarekin.

4- Esan dugu mega edo giga bakarrik erabiltzea, unitatea aipatu gabe, desegokia dela. Hori bezain desegokia da unitate bat ez dagokion magnitude bati aplikatzea. Eta hori ere gertatzen ari da. Adibidez, “600 Mb-eko zuntz optikoa” edo “600 Mb-eko abiadura” esatea edo idaztea desegokia da, zuntz optikoa ez baita informazioa metatzeko gailu bat, informazioa transferitzeko bide bat baizik. Alegia, informazioa metatzeko gailu baten edukiera —hala nola disko batena edo USB memoria batena— 600 Mb izan daiteke (oso txikia, gaur egun), baina, zuntz optiko bati buruz ari garela, “600 Mb/s-ko zuntz optikoa” edo “600 Mb/s-ko abiadura” esan edo idatzi behar da.

Hau da, “600 Mb-eko abiadura” esatea edo idaztea zuntz optikoari dagokionez, atleta bati dagokionez “10 m-ko abiaduran” doala esatea edo idaztea bezain desegokia da: “600 Mb/s‑eko abiadura” (segundoko 600 megabiteko abiadura) eta “10 m/s-ko abiadura” (segundoko 10 metroko abiadura) dira adierazpen zuzenak.

Kontzeptua (magnitudea)

Unitate soilak

Unitateak multiploekin

Informazio digitala

bit (sinboloa: b)

byte (sinboloa: B)

1 B = 8 b

kilobit (kb), megabit (Mb), gigabit (Gb)

kilobyte (kB), megabyte (MB), gigabyte (GB)

Datu-emaria edo informazioa transferitzeko abiadura

bit segundoko

(sinboloa: b/s edo bps)

Interneteko konexioaren abiadura komertziala (gaur egun):

megabit segundoko (Mb/s edo Mbps)

Gailuen arteko datu-transferentziaren abiadura komertziala (gaur egun):

kilobyte segundoko (kB/s)

megabyte segundoko (MB/s)

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda