Elhuyar Hiztegia

Ehunekoak, portzentajeak, portzentaiak…

Euskaltzaindiaren Hiztegian, sarrera dira ehuneko eta portzentaje hitzak; ez, ordea, portzentaia. Elhuyar hiztegietan portzentaia bilatuz gero, portzentaje sarrerara bideratzen gaituzte. Argi dago, beraz: % sinboloaren bidez adierazten diren “kopuruak” ehunekoak edo portzentajeak dira, ez portzentaiak.

Eta non eta nola erabili behar da sinbolo hori? Zenbakiaren aurretik? Ondoren? Zenbakiari lotuta? Bereiz?

Euskaltzaindiak hauxe baino ez du esan arauetan:

Ehuneko hainbeste adierazteko marka, zenbakiaren aurretik jar bedi. Adibidez: % 5 = ehuneko bost (Euskera, XVI, 1971).

Argi dago, beraz, euskaraz zenbakiaren aurretik jartzekoa dela sinboloa, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ez bezala.

Euskaltzaindiaren 1971ko arau horretan ez da ezer esaten esplizituki sinboloaren eta zenbakiaren arteko tarteaz, baina halaxe dago idatzia testuan bertan, tarte bat utzita. EIMAren Ortotipografiak ere tarte bat uzteko gomendatzen du:

Ehunekoa digitoz idazten da, % sinboloaren eskuin aldean kopuru zehatza emanez eta bien artean hutsune bat utziz.

Halaxe arautua dago gaztelaniaz ere (RAEren 2010ko Ortografíaren 590. orrian dago jasota gomendioa. Kontuz, beraz, bestela ageri baita Diccionario panhispánico de dudasen —2005ekoa da azken hori, hau da, ortografia berria baino zaharragoa; horrenbestez, ortografia berrian jasotakoari jarraitu behar zaio—. Eta Fundéuk ere horixe bera gomendatzen du, tarte bat uztea).

Ingelesez, ostera, zenbakiaren eta sinboloaren artean tarterik ez uztea (12%) gomendatzen dute estilo-liburu ezagunenek. Adibidez, honela gomendatzen du The Chicago Manual of Style ospetsuak:

Note also that no space appears between the numeral and the symbol %.

Dena dela, AEBko Merkataritza Saileko NIST erakunde ofizialak (National Institute of Standards and Technology), Guide for the Use of the International System of Units (SI) gidaliburuan, honela dio:

7.10.2 %, percentage by, fraction

(...) When it is used, a space is left between the symbol % and the number by which it is multiplied [4: ISO 31-0]. (...)
Example: xB = 0.0025 = 0.25 % but not:  xB = 0.0025 = 0.25%

Frantsesari dagokionez, tipografia-arauak Inprimategi Nazionalak ezartzen ditu Frantzian, baina, puntu horri buruz, ez du ezer zehazten Lexique des régles typographiques en usage à l'Imprimerie nationale obrak. Nolanahi ere, l’Office québécois de la langue française erakundeak, bere Banque de dépannage linguistique ospetsuan, tartea jartzea gomendatzen du:

Espacement avant et après les principaux signes de ponctuation et autres signes ou symboles

Signe ou symbole: %. Avant: Une espace insécable. Après : Une espace.

Remarques et exemples: Des augmentations respectives de 8 % et de 7,25 %

Hala gomendatzen du Agence universitaire de la Francophonie erakundeak ere, eta bide horri jarraitzen dio, adibidez, frantsesezko Wikipediak.

Azkenik, nazioarteko ISO 31-0:1992(E) arauak ere hutsarte eta guztiko idazkera jasotzen du, euskarazko ordenaren alderantzizkoa proposatzeaz batera.

Hortaz, Elhuyarren gomendioa da euskaraz ehunekoak sinbolo-zenbaki hurrenkeran idaztea tartean hutsunea utzita: % 2.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda