Elhuyar Hiztegia

Aniztasuna ez baita beti funtzionala

Hainbat testutan irakur daiteke dibertsitate funtzional terminoa; beste hainbatetan, aniztasun funtzional. Lexikoaren Behatokiaren corpusean, esaterako, honela banatuta daude bien agerpen-maiztasunak: 35 / 25. Zein da egokia edo egokiena? Nola definitzen da?

Historia pittin bat egiteko, esan behar da hizpide duguna desgaitasun terminoaren alternatiba gisa sortua dela (eta esparru batzuetan lehenetsia), eta desgaitasun bera ere (termino ofiziala, nolabait esateko) ez dela sortu zaharra, ezgaitasun, gutxiagotasun, elbarritasun, minusbaliotasun eta beste baino egokiagotzat jorik. EUSKALTERMeko fitxa batzuetan («mugitzeko desgaitasun» fitxan, esaterako) ohar hau ageri da, EAEko Terminologia Batzordearena (2009): «Hemen duzu eskura Terminologia Batzordeak discapacidad-handicap-disability terminoen ordain gisa desgaitasun hobesteko erabilitako normalizazio-txostena».

EUSKALTERMen bertan, ba ote dugu erantzunik aniztasun/dibertsitate funtzional zalantzarako, edo informazio osagarririk? Bada, bai:

Image
Dibertsitate funtzional zalantzarako

Definizio horretan dugu terminoaren gako nagusietako bat: “(…) gehienek dituzten funtzionalitate edo gaitasunez bestelakoak dituen pertsonaren tasuna” (azpimarra gurea da). Terminoa proposatu zen garaian (2005) gaztelaniaz idatzitako azalpen honetan1 ideia horixe ageri da (berriz ere, azpimarra gurea da): «La palabra diversidad viene definida en el Diccionario de la Real Academia de la Lengua como: “diversidad. (Del lat. diversĭtas, -ātis). 1. f. Variedad, desemejanza, diferencia”. Con esa palabra queremos reflejar exactamente eso, la diferencia, la desemejanza con lo que es habitual en la mayoría estadística de la especie humana».

Beraz, terminoak bestelakotasuna adierazten badu, aniztasun hitza ez dugu egokia, ugaritasuna adierazten du eta.

Testuinguru batzuetan, zentzuzkoa izan daiteke «pertsonen artean aurkitzen den aniztasun funtzionala» esatea, «funtzionalitate-moten ugaritasuna» adierazteko; baina, pertsona batez ari garela, uste dugu ez dela semantikoki oso egokia «aniztasun funtzionala» duela esatea, are gutxiago «ugaritasuna» gabe «bestelakotasuna» bada transmititu nahi den adiera.

EUSKALTERMen ez ezik, Elhuyar Hiztegian ere dibertsitate funtzional dago jasoa.

Image
Dibertsitate funtzional

Nolanahi ere, termino berri honen inguruko adostasuna ez da erabatekoa arloko espezialisten artean. Hala dio, behintzat, Termcat terminologia-zentroko blogak 2018ko Diversitat funcional o discapacitat? artikuluan.

D’un temps ençà se sent parlar de diversitat funcional, forma que algunes persones han proposat que substitueixi el terme discapacitat, però que no té, tanmateix, l’acord de tot el sector. Si analitzem aquesta denominació des del punt de vista lingüístic, diversitat funcional es podria definir, basant-nos en el diccionari normatiu, com la qualitat de funcionar de manera diversa. Això es pot considerar aplicable a tot el gènere humà: les persones som diverses en tot, en el nostre aspecte físic, en la manera de moure’ns, la manera de pensar, la manera d’expressar-nos. Les persones amb diversitat funcional, doncs, som totes les persones, perquè la diversitat funcional és una característica inherent a l’ésser humà. Aleshores, sembla que no serveix per a referir-se a un col·lectiu concret.

Horrenbestez, litekeena da hemendik denbora batera adierazmolde hau berraztertzea eta bestelako proposamen bat agertzea, lehen aipatutako minusbaliotasun, gutxiegitasun, desgaitasun eta enparauei gertatu zaien bezala. Bitartean, ordea, dibertsitate funtzional erabiltzea da Elhuyarren gomendioa, eta horretarako arrazoiak zein diren azaltzen saiatu gara lerro hauetan.

 

1 Javier Romañach, Manuel Lobato: “Diversidad funcional, nuevo término para la lucha por la dignidad en la diversidad del ser humano”. Foro de Vida Independiente.
 
 
#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda