Elhuyar Hiztegia

Mozorrotu eta jantzi: nola erabili bi aditzok?

 

Euskal Herrian eta hemendik kanpo, ohikoa da inauterietan bereziki mozorrotzea. Eta ohikoa da, halaber, testuinguru horretan akatsa egitea euskararen erabileran.

‘Mozorrotu’ eta ‘jantzi’ aditzak erabiltzen dira halakoetan, baina nola erabili behar da horietako bakoitza?

Mozorrotu

Da eta du erregimenak ditu. Alegia, norbait mozorrotzen da, edo norbaitek beste norbait mozorrotzen du. 

Mozorroari berari erreferentzia egiten diogunean, bi aukera dira nagusi:

  • Pailazo mozorrotu da
  • Pailazoz mozorrotu da

Badirudi lehena zaharragoa dela, baina azken urteotan bigarrena gailendu zaio, eta Euskaltzaindiak ez du berariaz gaitzetsi. 1997an, Gramatika Batzordeak -Ø mozorrotu egitura hobetsi zuen, baina, gaur egungo erabilera ikusita, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ontzat eman du -z mozorrotu egitura ere.

Nolanahi ere, okerrak dira bi molde hauek:

  • *Pailazo bezala mozorrotu da
  • *Pailazoarena mozorrotu da

Jantzi

‘Jantzi’ aditzak da, du eta dio erregimenak ditu. Alegia, norbait janzten da, norbaitek zerbait edo norbait janzten du, edo norbaitek (beste) norbaiti zerbait janzten dio.

Euskaltzaindiaren Hiztegian bi kasu hauek bereizten dira:

«Gaia, kolorea edo kideko ezaugarriren bat adierazten duen osagarria hartzen duela», -z jantzi egitura dakar:

  • Beltzez jantzi zen.
  • Zetaz jantzirik.

Aldiz, «osagarritzat artikulurik eta kasu markarik gabeko izen bat hartzen duela, -Ø jantzi egitura jasotzen du:

  • Zalduna neskame jantzita.
  • Jendea baserritar jantzita zebilen.

Hortaz, zuzenak dira erabilera hauek:

  • Miren pailazo jantzi da.
  • Mirenek pailazo-mozorroa jantzi du.
  • Anttonek baserritar jantzi du umea

Zalantzazkoak beste hauek:

  • (?) Indiarrez jantziko naiz aurten
  • (?) Supereroiz jantzi dute alaba

 

X-jantzian

Mozorrotu eta jantzi aditzez gain, bada beste egitura bat maiz ikusten dena: X-jantzian (atera/ibili).

  • Dragoi-jantzian aterako naiz aurten
  • Dotore dago lehoi-jantzian
  • Apaiz-jantzian ibili da goizean

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa