Azken hilabeteotan, txerto da, ziurrenik, gehien entzuten diren hitzetako bat, nola komunikabideetan hala herritarren arteko solasaldietan. Eta, txertoei lotuta, haien eraginkortasuna ere izan ohi dugu berbagai, hau da, zer gaitasun duen txerto-mota bakoitzak COVID-19ari aurre egiteko. Honela zioen, adibidez, Jone Markuleta kazetariak Bizi Baratzea webgunean:
“Pfizerrena baino eraginkorragoa eta hotzean kontserbatzeko eta garraiorako errazagoa izango den txertoa iragarri du AEBetako Moderna konpainia farmazeutikoak.” (2020-11-17)
Eta honela jaso zuten, berriz, Eta Kitto webgunean:
Moderna-txertoak bi dosi behar ditu, eta bereziki eraginkorra da 65 urtetik beherakoentzat. (2021-01-14)
Nolanahi ere, COVID-19a gure artean zabaldu zenetik, hizkuntza espezializatuagoaren beharra sentitu dugu askotan, gauzak zehaztasun handiagoz adierazteko premia. Eta, nola ez bada, eraginkortasunarekin ere beste hainbeste gertatzen ari zaigu. Izan ere, zer eman nahi dugu aditzera, egiaz, eraginkortasuna esaten dugunean? Beti gauza bera adierazteko erabiltzen dugu? Zer ezkutatzen da hitz ustez garden baina egiaz lauso horren atzean?
Bada, botikei dagokienez –eta haien artean daude, noski, txertoak–, hizkuntza orokorreko eraginkortasun hitzak hiru kontzeptu zehatz eta bereizi adieraz ditzake: efikazia, efektibitatea eta efizientzia. Hizkuntza arruntean, maiz nahasian erabiltzen ditugu termino horiek, hirurak ere eraginkortasun lauso horren sinonimotzat hartuta, eta erabilera zehaztugabe horrek ez du izaten, normalean, aparteko ondoriorik. Halere, gaur egun bizi dugun osasun-egoera dela eta, askotan ezinbestekoa eta komenigarria izaten da kontzeptuak ondo bereiztea, eta medikuntzaren alorretik kanpora ere hango terminologia erabiltzea. Horretan saiatu da berriki Ana Galarraga, Koronabirusaren gakoak saioan, eta horretan saiatuko gara gu ere hemen.
Efikaziak botikaren onura neurtzen du egoera egokienean. Hori gertatzen da, adibidez, saio klinikoetan, non hasieratik bukaeraraino prozesu guztia erabat kontrolpean baitago: zenbateko dosia ematen den; nola ematen den; bi dosi hartu behar badira, zenbat denbora igarotzen den lehenengotik bigarrenera. COVID-19aren aurkako txertoen kasuan, batzuek % 90etik gorako eraginkortasuna dute; hau da, txerto hori hartu dutenen artean, % 90 baino gehiago daude babestuta COVID-19 birusaren aurrean.
Efektibitateak, berriz, neurtzen du zenbateko onura eragiten duen botikak egoera errealean, hau da, populazio zabalak hartzen duenean. Efikazia baino txikiagoa izaten da, noski, egoera ez baita izaten ideala, hau da, laborategikoa. Efektibitatea neurtzeko, kontuan hartu behar dira, besteak beste, txertoa hartzen duenaren osasun-egoera eta haren egoera soziala, benetan hartzen duen dosia, bigarren dosia behar den garaian hartzen duen eta abar.
Azkenik, efizientzia dugu, faktore ekonomikoak ere kontuan hartzen dituena. Kasu honetan, txertoak dakarren onura eta txertoak duen gastua alderatzen dira. Esate batera, gerta daiteke txerto bat oso eraginkorra izatea baina oso garestia; kasu horretan, ezin izango litzateke zabaldu munduko toki guztietara, eta, beraz, txerto horren efizientzia oso txikia izango litzateke.
Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan, honela bereizita dauzkagu hiru kontzeptuak: