Elhuyar Hiztegia

 

Hitz elkartuak eta marratxoa

Hitz-elkarketako marratxoak lanak eman ditzake; izan ere, jarri beharrekoa da batzuetan, ez jartzekoa beste batzuetan, eta, azkenik, aukerakoa da zenbaitetan. Aukerakoa denean, norberak erabakitzen du zer irizpideri jarraitu. Testu osoan irizpide bera baliatzea komeni da, ordea, eta, horretarako, argi izan behar dugu zein diren aukerak.
Euskaltzaindiaren 25. arauan jasotzen da nola jokatu behar dugun (Hitz elkartuen osaera eta idazkera), eta Euskara Batuaren Eskuliburuan, berriz, azalpen xeheagoak daude (Hitz elkartuen osaera eta idazkera).

Marratxoz lotu behar dira beti

Zalantzak argitzen hasteko, ikus dezagun noiz jarri behar den marratxoa bi hitz lotzeko:

  • Hitzen errepikapenetan (adibidez, esanahia indartzeko egiten direnetan): bizi-bizia, urdin-urdina, ia-ia, poliki-poliki...
  • Ikusi-makusi, zirri-zarra eta halakoetan.
  • Bi hitzen artean "eta" esanahia dagoenean: txuri-urdin, Markina-Xemein, izeba-iloba...
  • Ezaugarri bat ez dutenak adierazteko hitzaren aurretik "ez" jartzen denean: ez-metaliko, ez-organiko, ez-ofizial...
  • Sinboloak deklinatzen direnean ere marratxoa jartzen da: 20 °C-ra, 1 m-eko, Br-aren...
  • Euskaltzaindiaren Hiztegian marrarekin lotuak daudenean (marrarik gabeko aukerarik gabe): goi-indize, azpi-indize, jakin-min, gaizki-ulertu...

Marratxoa aukerakoa da

Kasu hauetan, oro har, norberak aukeratzen du jarri edo ez:

  • Bi izen arrunt elkartzen diren gainerako kasuetan (aipatutako salbuespenak salbuespen): bide orri / bide-orri, etxe atari / etxe-atari, artzain txakur / artzain-txakur...
  • Marratxoa jartzea aukerakoa da, halaber, kanpoko izen berezi ezezagunak deklinatzean: Mendeleievek/Mendeleiev-ek, Perraulten/Perrault-en...

Nola jokatu marratxoa aukerakoa denean?

Kanpoko izen bereziak deklinatzean marratxoa jartzea edo ez jartzea testu-motaren arabera erabaki daiteke. Dena delakoagatik komeni bada izenak zehazki non bukatzen diren jakitea, marratxoa jarri. Ez badago beharrik, ez. Betiere koherentziari eutsiz.
Gainerako aukerako kasuetan, ordea, marratxoa jartzearen aldekoa da Elhuyar. Zergatik? Gaizki-ulertu asko eragozten direlako, eta anbiguotasun asko argi gelditzen direlako lehen irakurralditik. Adibidez, abiadura konstantea jartzen badugu, izan daiteke gaztelaniazko velocidad constante edo constante de velocidad. Abiadura-konstantea, aldiz, beti izango da constante de velocidad.

Euskaltzaindiaren 25. araua (Hitz elkartuen osaera eta idazkera)
Azkenik, zalantzaren bat gelditzen bada, jo Euskaltzaindiaren 25. araura. Marratxorik gabe edo erabat loturik idatzi behar direnak ere zehazten dira:

Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia:

1. Bereiz idatziko dira:
— aposizioak (Bidasoa ibaia),
egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),
etxez etxe moduko bikoiztapenak,
egin berri modukoak,
mahai gainean gisako posposizioak,
— bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak,
— lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian,
— lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa).

2.    Marrarekin idatziko dira:
gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak,
apurka-apurka bezalako bikoiztapenak,
seme-alabak, zuri-gorri modukoak,
barra-barra, plisti-plasta bezalakoak,
Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra/Estella).

3.    Loturik idatziko dira:
jarleku moduko elkarteak,
aldagaitz bezalako izaera elkarteak,
odolustu moduko izen-elkarte arruntak,
— bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo-ta -gintza, -za(i)ntza duten elkarteak,
— bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak,
— lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak,
lauburu moduko elkarteak. 

4.    Marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala:
eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak,
kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.
(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea). 

5.    Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean >a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia azterketa. Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira.
Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori.
Idazkerari dagokionez, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa

 

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa