Euskaraz idaztean, ohikoak izaten dira h-aren inguruko zalantzak. Kasu honetan, baina, h-aren auzia alemaneko hitzaren jatorrizko idazkeratik dator.
Neanderthal izena Alemaniako Neander ibarreko aztarnategitik dator, han aurkitu baitzituzten lehenengoz neandertalak, XIX. mendearen erdialdean. Thal hitzak, alemanez, “harana” edo “ibarra” esan nahi du. Hortaz, Neanderthal hitzak “Neander ibarra” esan nahi du.
1901ean, ordea, toponimoaren izena aldatu zuten alemanek; harrezkero, Neandertal da lehen Neanderthal zena.
Hori horrela izanik, inguruko erdaretan bi grafiekin (Neanderthal/Neandertal) agertzen da. Alemanez, frantsesez eta gaztelaniaz Neandertalen alde egin dute; horixe da Real Academia Españolaren Diccionario Panhispánico de Dudas hiztegiak gomendatzen duena, hain zuzen ere. Erdarazko wikipediak arakatuta ere, nabaria da –tal- grafiadunen nagusitasuna.
Ingelesez, ordea, h-arekiko grafia da nagusi, eta, ingelesak arlo guztietan eta batez ere zientzia-arloan duen eragin handia kontuan hartuta, ez da harritzekoa Neanderthal grafia ere ikustea beste hizkuntzetako testu batzuetan.
Elhuyarren testuetan eta hiztegietan, 2011z geroztik, Neandertalgo gizaki (Neandertalgo maiuskulaz eta gizaki minuskulaz) eta neandertal (minuskulaz) erabiltzen ari gara; neandertal, minuskulaz, taldea izendatzeko erabiltzen da, batez ere: garai hartako neandertalak ehiztari-biltzaileak ziren esaldian, esate baterako.
Hizkuntza bakoitzaren idazkera gorabehera, espeziearen latinezko izena Homo neanderthalensis da, eta bere horretan idaztekoa da gainerako hizkuntzetako testuetan ere: lehen izena maiuskulaz, bigarrena minuskulaz, letra etzanez eta -thal- h eta guzti.