3D siglaren jatorria eta sigla hori duten terminoak
3Dk tridimentsionala esan nahi du, hiru dimentsiokoa, eta adierazten du gauzaki batek edo espazio batek hiru dimentsio dituela: zabalera, altuera eta sakonera. Gure espazio fisikoa tridimentsionala da: gu hiru dimentsioko espazioan mugitzen gara.
Paper-orri batean marrazten dugunean, marrazkia plano batean dago, eta bi dimentsio ditu: luzera eta zabalera. Paperean gora eta behera eta ezker-eskuin ibil gaitezke marraztean, baina ez dago hirugarren dimentsiorik, ez dago sakonerarik. Beste hainbeste gertatzen da pantailetan: bi dimentsioko irudiak dira. 2D siglak bidimentsionala esan nahi du, bi dimentsiokoa.
Era berean:
Irudi tridimentsionalak = hiru dimentsio dituzten irudiak = 3Dko irudiak (EZ: 3Dtako irudiak)
Irudi bidimentsionalak = bi dimentsio dituzten irudiak = 2Dko irudiak (EZ: 2Dtako irudiak)
Azken urteotan, fabrikazio aditiboa deritzon teknologia garatu eta hedatu da: hiru dimentsioko eredu baten ondoz ondoko sekzio horizontalei dagozkien geruzei materiala gehituz sortzen ditu gauzakiak.
Fabrikazio aditiboari hiru dimentsioko inprimaketa deritzo, hau da, 3Dko inprimaketa (fotokopia arruntak, adibidez, 2Dko inprimaketaz egiten dira).
3D sigla, zorionez, egokia da euskararako:
tridimentsional / hiru dimentsioko > 3D [tri/hiru > 3 eta dimentsional/dimentsioko > D)
Egokia da, halaber, ingeleserako (three-dimensional), gaztelaniarako (tridimensional) edo frantseserako (tridimensionnel), bai eta beste hizkuntza askotarako ere.
Dena dela, ez dugu pentsatu behar 3D sigla euskaraz sortua denik. Guztiz ezohikoa da adjektibo batetik eratortzea sigla euskaraz, eta beste hainbeste gaztelaniaz ere.
Ingelesez, inprimaketa tridimentsionala terminoa three-dimensional printing da; hortik, sigla erabiliz, 3D printing terminoa sortu zen. Hortik pasatu da beste hizkuntza askotara. Terminoa ingelesetik hartzean, printing hitza itzuli egiten da (inprimaketa), eta 3D sigla (jatorrian three dimensional adjektiboa ordezkatzen du) bere horretan hartu ohi da. Hala ere, gehienetan ez da idazten edo esaten berez behar lukeen 3Dko inprimaketa (hiru dimentsioko inprimaketa); termino horren ordez, 3D inprimaketa erabiltzen da gehienetan, hau da, inprimaketa aposizioan erabilita, offset inprimaketa terminoan bezala. Gauza bera gertatzen da gaztelaniaz ere1.
Ez da 3D printing mailegatu den termino bakarra. Berarekin batera, badira 3D film, 3D modeling, 3D display, 3D television, 3D computer graphics, 3D printer… terminoak ere. Termino horiek guztiak gehienbat honela erabiltzen dira euskaraz:
3D filma, 3D modelaketa edo 3D modelatzea, 3D grafikoa, 3D animazioa, 3D eredua, 3D modeloa, 3D telebista, 3D pantaila, 3D infografia, 3D inprimagailua…
Haiekin batera, 3Dko filma, 3Dko modelaketa edo 3Dko modelatzea, 3Dko grafikoa, 3Dko animazioa, 3Dko eredua, 3Dko modeloa, 3Dko telebista, 3Dko pantaila, 3Dko infografia, 3Dko inprimagailua eta abar ere erabiltzen dira; erabat zuzenak dira, baina askoz gutxiago erabiltzen dira.
Zalantza: 3Dko edo 3Dtako, 3Dan edo 3Dtan?
Har ditzagun bi adibide hauek: lau herritako biztanleak eta lau hankako mahaiak. Biak zuzenak dira: batean -tako behar du, eta bestean -ko (Euskaltzaindiaren 34. araua).
Hortik ondorioztatzen da 3Dko inprimaketa, 3Dko irudia etab. idatzi beharra (eta ez 3Dtako).
Har ditzagun beste bi adibide hauek: lau urtean eta lau urtetan. Biak zuzenak dira, baina esanahi desberdina dute (Euskaltzaindiaren 110. araua).
Lau urtean ikasi du euskara (iraupena: hasi zenetik amaitu arte lau urte igaro dira).
Lau urtetan atera da danborradan (danborrada urtean behin egiten da, eta lau aldiz atera da; ez dakigu urte horiek elkarren ondokoak izan diren edo ez).
Zer gertatzen da leku-denborazko kasuetan (NON/ZENBATEAN, NONDIK, NORA, NORAINO, NORANTZ) denbora ez den beste zerbait erabiltzen dugunean? Euskaltzaindiak ez du horri buruzko araurik eman, baina Euskara Batuaren Eskuliburuak mugatu singularraren aldeko gomendioa ematen du, garbi adierazita mugagabea ere zilegi dela.
Elhuyarren mugatu singularra erabiltzen dugu:
Gatozen orain 3D siglara. Normala da zalantza egitea; izan ere, araurik ez egoteaz gainera, ulertzeko bi aukera ditugu: ZENBATEAN eta NOLA. Eta badakigu NOLA galderari erantzuteko ohikoa dela mugagabea erabiltzea (instrumentalarekin zein inesiboarekin). Horregatik, zuzena da hiru dimentsiotan esatea eta idaztea. Hori ez dago eztabaidan. Hori bezain zuzena da bi dimentsiotik hiru dimentsiora pasatzea esatea eta idaztea. Alegia, leku-denborazko kasuetan inesiboa da, halakoetan, mugagaberako joerarik handiena duena; gainerako kasuetan, ohikoa gertatzen zaigu mugatu singularra.
Elhuyarren, hiru dimentsiotan idazteko eragozpenik ez dugu, baina, 3D sigla erabiltzen dugunean (eta noiznahi ateratzen zaigu testuetan, bai geuk sortutakoetan, bai itzultzen ditugun testu teknikoetan), hirude hitza balitz bezala jartzen dizkiogu kasu-markak (gogoan izan siglak, ahal den guztietan, hitz moduan irakurtzen direla), eta mugatu singularrean (3Dan) erabiltzen dugu, uste dugulako hori dela koherenteena zenbatzaileak eta leku-denborazko sintagmak dituzten egituretan aspalditik dugun erabilerarekin, eta, era berean, erabilera hori ondo errotuta dagoelako tradizioan (hogei errealean erosi zuen astoa). Ez gara bakarrak; beste erakunde, talde, eskola eta komunikabide batzuen idazkietan ere ikusten da erabilera hori.
Hona hemen adibide erreal batzuk, Elhuyarrek sortuak zein beste erakunde batzuek sortuak:
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
1 Gehienetan, impresión 3D erabiltzen da, eta askoz gutxiago impresión de 3D edo impresión en 3D. Adi!, gaztelaniaz impresión 3D terminoan 3D sigla ez da adjektiboa; adjektiboa balitz, plurala hartuko luke ahozkoan (idatzizkoan ez, siglek ez baitute plural-markarik hartzen idatzizkoan: las oenegés, los deeneís esaten da, baina las ONG, los DNI idazten): adibidez, ez da esaten impresiones ‘tresdes’ personalizables, impresoras ‘tresdes’, baizik eta impresiones ‘tresde’ personalizables, impresoras ‘tresde’, baina impresiones tridimensionales personalizables, impresoras tridimensionales esan eta idazten da.