Azken hilabeteotan gu guztion bizimodua hankaz gora jarri du mundu osoan zabaldu eta pandemia bat eragin duen gaitz batek. 2019-nCoV arnas gaixotasun akutu du izen osoa gaixotasunak, baina ingelesezko coronavirus disease 2019ren akronimoa zabaldu da hizkuntza gehienetan hura izendatzeko: COVID-19 (CO = corona; VI = virus; D = disease; 19 = 2019). Eta halaxe erabiltzea gomendatzen dugu euskaraz ere.
Izen luzeago baten akronimoa izanik, maiuskulaz idaztea dagokio, eta marratxoa jartzen dugu letren eta zenbakien artean. Hizkuntza batzuetan, ordea, erabileraren erabileraz, minuskularako bidea egiten hasi da. Hala, ingelesez eta gaztelaniaz, esate baterako, Covid-19 eta covid-19 idazkerak ere ikusten dira, biak, baina gaztelaniaz covid-19 idaztea gomendatzen du Fundéuk.
Bere garaian, gauza bera gertatu zen hartutako immunoeskasiaren sindromearekin. Izen osoaren akronimo gisa, HIES erabiltzen zen hasieran, baina badira urte batzuk hies idazkera nagusitu dela.
Kasu honetan ere ez da harritzekoa bide hori egitea. Berria da oraindik, ordea, eta, orain arteko erabilera ikusita, maiuskulaz idaztea gomendatzen dugu euskaraz: COVID-19.
Beraz, argi dago zein duen izena gaitzak eta nola idaztea komeni den, baina esaldi barruan zer? Nola deklinatu behar dugu? Bada, gainerako gaixotasunak bezala, izen arrunt gisa erabiltzekoa da. Hona adibide batzuk:
COVID-19a dela eta, bertan behera gelditu dira ekitaldiak.
Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil Euskal Herrian.
COVID-19aren pandemiak proiektu aeroespazialen bilakaera ere baldintzatu du.
Haiek erakutsi digute nola egin aurre COVID-19ari adorez.