Elhuyar Hiztegia

zenbait ≠ hainbat

 

Zenbatzaile zehaztugabeak izan arren, ez dira sinonimoak.

hainbat = batzuk baino gehiago, asko
zenbait = batzuk

Singularrez nahiz pluralez egiten dute aditzarekiko komunztadura zenbait eta hainbat zenbatzaile zehaztugabeak daramatzaten sintagmek. Kasu-markak eranstean, izena mugagabean jarri behar da.

Zenbait jendek uste du/dute.
Hainbatek uste du/dute gaizki ari garela.

Bestalde, kontuz ibili behar da gaztelaniazko diferentes, diversos eta antzekoak, euskarara itzultzean (izenaren aurretik agertu ohi dira).

Diccionario de la Lengua Española (DLE) lanean honela definitzen dute diverso:

3. adj. Varios o muchos.

Euskarara ekartzean, beraz, erabaki bat edo beste hartu beharko dugu, jatorrizko adieraren arabera:

varios-> zenbait, batzuk

Zenbaiti berdintsu zaio/zaie.
Zenbaitek baiezkoa eman du/dute, baina gehienek ez.

muchos-> hainbat

Hortik etorri dira/da hainbat kalte.
Hainbat aldiz esan diot, baina ez dit kasurik egin.

Gehiago jakiteko: https://31eskutik.eus/2015/12/11/hainbat-ez-dira-batzuk/

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda

Hitz-jolasa