Elhuyar Hiztegia

Koronabirusa detektatzeko frogprobak

Zuri ere egin dizute PCR froga? Egitekotan, proba edo testa egingo zizuten, noski!

Izan ere, zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duena da froga; medikuek eta gainerako osasun-langileek gaitza detektatzeko egiten dituztenak, ordea, probak edo testak dira.

COVID-19 gaitzaren kasuan, hiru proba edo test egiten ari dira nagusiki:

-          PCR probak edo PCR testak

-          Antigeno-probak edo antigeno-testak

-          Antigorputz-probak edo antigorputz-testak

Izen horiek dira nagusi, eta horiexek erabiltzea gomendatzen du Elhuyarrek, baina ez zaizkigu baztertzekoak iruditzen antigenoen test, antigenoen proba, antigorputzen proba eta antigorputzen test izendapenak ere.

PCR probek birusaren RNA detektatzen dute, eta oso fidagarriak dira. Norbait infektatua dagoen edo ez adierazten dute.

Antigeno-probek birusaren kanpoaldeko proteina batzuk detektatzen dituzte. Fidagarritasun txikiagoa dute, baina PCR probak baino azkarragoak dira. Antigeno-probek ere norbait infektatua dagoen edo ez adierazten dute.

Antigorputz-probak odol-analisi bidez egiten dira. Bi motatakoak daude: M immunoglobulina detektatzen dutenak eta G immunoglobulina detektatzen dutenak. Lehena agertzeak adierazten du gaitza aktibo dagoela. Bigarrenak, gainera, frogatzen du gorputzak gaitza gainditu duela eta defentsak sortu dituela.

Proba edo test bakoitzari buruzko azalpen zientifikoa, hemen, Ana Galarraga Aiestaranen eskutik.

 

#ElhuyarrenGomendioak

Gomendio-zerrenda